Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
HAZPARNE
(2012)
BOTANY BAY
(2012)
PONTRIQUE
(2012)
XOXO BELTZAREN KOPLAK
(2012)
BAIONAKO ERROBIN
(2012)
EZ LEHER EGITEKO
Lucien Etxezaharreta , 2012
denak maldan behera
sortzetik datorrela hiltzea
iraganak deusetarako duela
ahazdura erremedio bakarra dela
jainkoak aspaldi hilak
bide xahar bihurgunedunak zuzenduak
normalizatuak
euskara bezala laster
nahiz hau liburu eta ikertzaileentzat
behar den sistema numerikoetan sartua den
biharko menturan
ments batzuek arrapiztuko dutela
munduan barreatu euskaldunen ondokoek
judu erratuaren gisala armairu zoko batean atxikia
Bibliaren iduri larruzko azal mendeek leunduarekin
gaztetasuna bezala
Ruben Darioren altxor dibinoa
doala ere higaduraren maldan behera
lehengoen gisala
bazituztela orduan Errepublikaren deiak
norteko lubaki hotzetan odolaren emaiteko
amodioa bezala
sortzean heriotza berekin daukala
leher egiten dutela amets ederrenek
ondartzako mareak irentsi gaztelua bezala
badira oraindik monde zaharren deiari jarraikiak
arra eta emeen arteko tirriari
bizitzeko graziari atxikiak
hemen gaude gure mundu ttipian
euri iguzkiei beha
curia txarra dela
iguzkia ona dela
udatiar turista hiritarren leloak goitika
hemen bozetan parte hartzen
hexagonoko pertzentai berdinekin
gu frantses tipiko bilakatuak
leher eginen die ere
hango handi-mandiek
beren gorputza pasatzen ikusiko diagu
gu zahar momifikatuak izango garenek
irabazia izanen diagu
jo ta ke hil arte
kartzeletako paretetan
izkirio ilun erdi itzaliak
hemen egon ginen bi aldaketen artean
iraultza ala hil
bertsio txarren aukeran
saskipetik ere gizona gizon zela
botere gosez ele zuri eta iruzur
Djugaxvilik Stalin emanen zuela
eta hemengo euskaltzale batzu ere esplotatzaile
euskaldun izaitea ezjakinaren bortuetan
hegalez Xahoren Aitoren ametsetan
ezpata luzeduna zen armada buruarekin
libertatea zainduko zuenarekin
bainan ezpataz hiltzen zuenak
ezpataz leher egin zuen ere
zuhur hitz aspaldikoa
bainan ezpata nagusi
eta kultur eragile
eta dozier apainekin jujatua
oi juje ezpalitz igela
gure arno kantariaren ura nabari
diruak usteldu jendartea
moltsa hanpatua eredu
eta hobeki erran zure akzio portefulla
lantegiak desegiten duen sistemaren ateharri
Mosoeletako fonderiak Ruwelleko zirkuitu imprimituak
ezdeusaren heinera ekarri emazte eta gizon langilea
haurrek berek ez gehiago estimatua
eskoletara bidaliek boterearen kultura
etxerat ekarriz aita umiliatuz
ama ixilean ehortziz
badira deiadarrak
itotzen direnak
eta itotzen ez direnak
burua galarazten duten sistemak
beren burua urkatu dutenak
alkolean lerratuz perrekatu direnak
etxea beren garun xokoan utziz leihor urrunetaratuak
Picassoren Gernika postal batean zintzilikatuz
etxeko sukaldean
badira hemen egon direnak
lurra saltzekoa bazutenak
heietaz baliatzaile onik bazela
eta mendietan larreak labakitu
zuhaitzak ezabatu alanbrea ekarri
onkailuz eta pozoinez ase lurretan
bi izorraldien artean laborariak esklabo
beti gehiago ekoiztu merkeago saldu
bakarrik lanean etxea hustu ez dadin
pertsulariek aipatu lur hontako erregea
mutil morroi apala bankuko nagusiekin
hasarrea pizten da 4x4en motur azantzekin
gure bide hertsietan bisitariak ibilaraziz
euskal nortasun azkarra goretsiz
libertatearen seme garenak omen laudatuz
denak zerbitzari nahi gaituztelarik
denborak doatzi eta ez onerat
begiak gure zaintzen denetan
larru barnean laster lauki zaindari ttipiak
mundu guzia ukareko elektronikoarekin
buru muinaren formatatzaileak bestalde
laster pentsakera amankomuna
edo bestela zu zara terrorista
non dira biziaren ametsak
haur garaietako sahets bideak
xoxoak kantari udaberrian
pikaren buztan xuri beltxa
bere arbola gorenetako ohantzetan
eta lagun joanak
lagun galduak
aita eta amaren bizi kezkatiak
oroitzapen galduak
eta ortzadarraren koloreak
argi biziak
goizeko leinuruak
ilargi betea Artzamendiren gibeletik jalitzen
eta zurekin denboraren goxatzeko aukera
denbora geldituko zela
eta bizia dena argi izanen zela
egun bakotxa besta bat
zure irria aldiro mirakulu bat
zure jantziak hunkiz
heltzen zela
mundu sakratuaren aldarera
naturak eskaini ontasunera
arno guziak kantari
zuhaitzak itzal eta fruitu eskaintzekin
Eden berri baten segurtamena
sugearen histua ezintasunaren mezulari
herraren hazle bekaizgoa
eta dena berriz haste dela
lurraren iraultzeak hazia ehorzten
gure biziak besteak jaten
eta guk besteak hazten
eiherako errotak bihia ehotzen
zoin dira egun esperantzak
ez leher egiteko
munduaren aldatzeko
jainkoak mutu eta ixil direlarik
indarrak flakatzen ari
eta bakartasuna leize ideki bilakatzen
lehen leihorretako biztanleen kemena
nola hazten zen ez dakigu
bizitzeko atsegina eragile zitekeen
amaren gozoak haurraren bidea egin zezakeen
bainan egun dakigun eta ikusia dugunarekin
nola marratu biziko atsegina
gure mundua ehortzia dutenen fidantziarekin
gure euskara hemen galdua daukatenekin
herri mutu eta elkor bat eraikitzen ari daukutenean
biharko munduak eraikiz
bakotxa basamortuko arkaitz bilakatuz
elgarri so eginez
mendiko urak ordokietakoekin bat eginez
errekak itsaso bilakatuz
minak eztituz eta elgar entzunez
sortaldeko eta sartaldeko musikak bilduz
mugak aurdikiz
Asisako San Frantsesen bake bideak zilatuz
Taizekoenak Tibetekoekin kurutzatuz
Gernikako arbola munduko bake eredu
Lidiceko haurren estatuak piztuz
Auschwitzeko ateak apurtuz
eta Rocheforteko Galerianoa
Plumagaineko Bordaxuri bere arraunetarik kendu
Legassen hautsek Orreagako gudua kondatu
eta Txapelaren Bidasoakoek
uretik ekaitz bat jalgiarazi
hiru olatuak
nigar, esne eta odolezkoak
zeruraino altxatuz
lur hontako umezurtzak
beren amen altzorat iganez
amodiozko irri goxoak barreatuz
maldaren beheretik goitik gabiltza
betiko Sisifoak
amodio berriak egun beltzak itzaliko dituela
heriotzean bezala
lokartzen gara holako esperantzan
ez leher egiteko
© Lucien Etxezaharreta