A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

EGUTEGI BERRIA
      (2012)

EZ DAKIT
      (2012)

MAITE DUENAK
      (2012)

  literaturaren zubitegia  

 

ITZALAZ

        Jose Inazio Lasa , 2012

 

 

1

Dena galdurik ikusten dut,

abandonua eta kondena inpertsonalak dira

zoru mugagabearen zulo hondogabean.

Lotsaturik nago eraikitako etorkizunez

eta halen ondorengo ezerezaz

eta agindu zidatenagatik alde batera utzitakoaz

eta gure amaikortasunak eragindako

zeru-egarriaz.

 

2

Orain, gizakiaz harago begiratzen dut

kontzientziarik gabeko botereaz harago,

datorren heriotzaren aurrean barregarri,

heriotza baita benetako infinitua,

eta, haraindian zehar, galera ikusezina.

Eta gizakiaren buruak krudelkeria eransten dio,

heriotza herio-zigor bihurtzen du,

ez ditu ahalmenak gozamenean urtzen,

besteren zortearen aurrean begirada saihesten du,

larriminaren iturriak sortzen ditu etengabe,

ihes egiten dio arretari

eta gero absolutua nahi du, hilezina, abstrakzioa.

 

3

Hala erortzen dira konponketak;

lur hotzak bakardade usaina du,

egitea eta esatea infartuz jota daude,

arimaren hotza bilduko duen burusirik gabe.

Hala suntsitzen dira eskuratu ditugun munduak;

begirada eta begiratzea

begiralekuaren eskaileran bat eginik

esku-bandarik eta sabairik gabe,

arimaren misterioa aterako duen tramankulurik gabe.

Hala egiten dute bidea sineskizunek,

arnasa geldituta,

eraginkortasuna eta zorroztasuna hondoraturik

pozik gabeko kontaketan,

adorerik eta gidarik gabe.

 

© Jose Inazio Lasa    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko