Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
ABIOIEN ISATSEK AIREAREN ESKELETOA DIBUJATURIK
(1975)
BAINA
(1976)
ZUEK EZ DAKIZUE
(1976)
ILUNEKO HAMABIETAN
(1977)
NIRE IBAIA
(1989)
HEMENDIK IDAZTEN DUGU
(1989)
HAN
(1989)
PINUDI BATEN ERDIAN KANPOSANTUKO NUARBE
(1989)
SORTZEAREN MENTURA
(2006)
HASPEREN
(2006)
AULKI HUTSA
(2006)
ETXEA
Koldo Izagirre , 2006
Etxea egin liteke hatzez
egin liteke arkatzez
eta nahi izanez gero
egin liteke akatsez
edo gezaz edo gatzez
eta zokoak zikin nahi dituenak
egin lezake ikatzez
baina dena garbi nahi badu
egin dezala erratzez
(hautsa harrotuko baitu okerreko urratsez)
etxea egin liteke aurrez edo atzez
zuk egin zenezake arratsez
etxea egin liteke zotzez
egin liteke hotzez
eta nahi izanez gero
egin liteke zulotzez
edo pozez edo zipotzez
eta gerizpea nahi duenak
egin lezake laiotzez
baina guztizko bakea nahi badu
egin dezala izotzez
(lagunak izutzeko mutur zorrotzez)
etxea egin liteke luzez edo motzez
zuk egin zenezake bihotzez
etxea egin liteke putzez
egin liteke zaputzez
eta nahi izanez gero
egin liteke asmo hutsez
edo hontzez edo huntzez
eta teilaperik behar ez duenak
egin lezake bisutsez
baina izara garbiak maite baditu
egin dezala elurtzez
(ez luke aztarnarik utziko zimurtzez)
etxea egin liteke zorrotzez edo kamutsez
zuk egin zenezake masustez
etxea egin liteke pertzez
egin liteke aspertzez
eta nahi izanez gero
egin liteke ezin bertzez
edo erdiz edo ertzez
eta tristuran bizi nahi duenak
egin lezake beltzez
baina are tristeagoa nahi badu
egin dezala ezetzez
(eta bere burua gabez betetzez)
etxea egin liteke bakarrez edo jendetzez
zuk egin zenezake ametsez
etxea egin liteke litsez
egin liteke bitsez
eta nahi izanez gero
egin liteke banintzez
edo zitzez edo zipitzez
eta gotortasuna nahi duenak
egin lezake bortitzez
baina leihoduna izanen bada
egin beharko du ibiltzez
(oinetakoak burubako iltzez)
etxea egin liteke belarrez edo ihintzez
zuk egin zenezake hitzez
ederragoa da anitzez
zure hitzez
ate guztietako giltzez
© Koldo Izagirre