Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
GORPUTZ HONETAN
(2009)
SORO BAT GIBELEAN
(2009)
BRIGADISTA
(2009)
JOSE PEREA PINTOREAREKIN BART GAUEAN
(2009)
IHES EGINGO DUZU
(2009)
LUR HAU
(2013)
FABRIKA ZAHAR BAT DA IRAGANA
(2013)
BRUSELA EZ DA EXISTITZEN
(2013)
ERRAZKERIAK
(2013)
PATIOKO EMAKUMEA
(2013)
SAMURTASUN POLITIKO BAT
Oier Guillan , 2013
Elkartasun basati bat sumatzen ahal da
konpartitu zituztenen artean.
Konplizitate isil bat elkarri begiratzean,
iluntasuna laztanekin igurzten zituzten haiek ikusita
egunen zama bidegorrian izerditzen duten hauen lekuan.
Geografia estu bat bestearen ileorde zurian,
aukeren mundua ahoskatzen zuen hura
uzkurturik sentitzean.
Gogoaren antzaldatze bat,
poema kaskarrenak posible egin zituzten
azal tenteen soinu banda aditzean.
Jakinduria mutu bat,
oraindik sentitzeko gai diren
gorputzen janzkeran,
erretirotik urrun diren isurien egarrietan.
Samurtasun politiko bat,
galdera lizun batek urruntzen duen
iragan komunaren bidean.
Konspirazio poetiko bat,
behinola aukera zena
egun fikzioa dela jakinik,
norberaren gezurrak sinesteko prest daudenak
eroak baizik ez direla aitorturik,
osasun txepel hau gehiegi maite dugun honetan.
Herrentasun eder bat,
balizkoen agenda murriztuari erreparatzean.
Porrot sentsazio gozo bat,
eskutik
helduta
ahur.
© Oier Guillan