A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

  literaturaren zubitegia  

 

LEHEN ATUNAREN BIHOTZA

        Martxel Mariskal , 2017

 

 

Urtero, lehen marean atze,amdako lehen atuna

abanaz zakatzen erdigunetik beherantz irekiko zuen,

segidan bere marinel esku zakar-sendoak, abilak

bezain zintzoak, ebakiduran sartu urte oso batez

espero isilean mantendutako irrikaz —tiraldi ziurraz

baliatuz— arrainari piramide itxurako bihotz leuna

erraietatik ateratzearren, eta ondoren, eskifaiaren

poztasunaren eta konplizitatezko begiradaren aurrean,

hantxe, kubiertan bertan, zaka-zaka gordinik jan.

 

Erritua. Erritua. Erritua.

 

Gerlaria bailitzan, garaitua izan denaren muinaz

jabetzearekin batera, aurkariaren —itsaso zabaleko

gainontzeko atunen— arimaren, izatasun

menderakaitzaren makaltzea bilatzen. Bai, zinez

zantzu ona hasi berria den arrantzu-aldirako,

hasi berria den urteroko borroka gogorrerako.

Nor da hemen indartsuena? Nor da hemen nagusia?

Dagoeneko marinel-gerlariaren hortzetan,

ahoan, hesteetan, zainetan, odolean,

ikur eta mezu bihurtu da atun-bihotza.

 

Itsasgizonen artean badira hainbat egite eta uste

lehorreko gizaki zibilizatuak sekula ere ulertuko

ez dituenak, are gutxiago bere barne-mamian bizituko;

eta berak asabengandik jasotakoa urtero zintzoki

bete baino ezin, txotxua zeneko garai urruna ezkero.

 

Lehen atunaren azken bihotz apurrak ardoaren

laguntzaz eztarritik behera bultza, txopan bakarrik

jarri, eta itsasoaren erdian errezo isila eskainiko zion

Guadalupeko Amari. Gero, tristura misteriotsu moduko

batean bildutako solemnitatean, ezinbestean errespetatu

beharreko bakardadean, itsasoari, haizeari, bere buruari,

inori —askatasun-gudu-bake-barkamen himnoak balira

bezala— bata bestearen atzetik rantxerak ozen kantatu.

 

Erritua. Erritua. Erritua.

 

Lehen atunaren bihotza irentsi!

Lehen atunaren bihotza gordinik jan!

 

© Martxel Mariskal    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko