A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

  literaturaren zubitegia  

 

MUNDU PARALELOAK

        Martxel Mariskal , 2017

 

 

1

Parez pare Bonantzako elizaren ateari begira jarri orduko zure silueta eta  irribarre berezia agertu zaizkit gogoan. Begiak ixteaz batera gure forma  biak bakar batean marraztu ditut —irudi sakratua—.

Bat-batean, sarkor: hiltegiko  usain ekidinezina. Tenore haietan bezalaxe bizkarrean bainuen, bi metro  eskasera, atea erdi zabalik eta animaliak betiko modura goitik behera  ebakita, zintzilik, barruak hustuta —giza jainkotegi kirasdun usteldua  bailitzan—, erraiak eta odola isurtzen kanaleko uretara.

Eta garai hartan ohi nuenez,  ur gorrietara zuzendu dut soa —milaka bihotzen ispilu urtua—, eta zart!,  ikuste ubelduak abiarazi du ene gibelaren marrua: «Inork ez du nire  amestea burdin kako batetik sekula zintzilikatuko!».

 

2

Zurrunatik  gora eta behera, Jaizkibelgo magal ezkutuenean satorren antzera,  bizpahiru mukitsu mundu paraleloen bila. Eta gero, xaian edo kai  gainean, amona eta gainontzeko saregileen esku nekaezinen alboan, beti  zirika, beti ez ordea jolasean, bizitzari instantero ezkata lehorrak  apartatzen —itsasoaren arrastoak nonahi —, orduan garatu zitzaizkigun,  biriken ordez, zakatz hauek.

Gu ez baikara guztiz  lehorrekoak, ezin bestelako moduan izan. Berun puskak eta amu  herdoilduak, aborinak eta labanak, zurda korapilatuak... betiere zerbait  patrikeran... arbasoen tresneria, bizimodu jakin baten altxorrak, gure  sekretu isil estimatuenak.

 

3

Ez  da nire desioa atzera bueltatzea, zentzumenen ernea sekula ez galtzea  baino, maiz etor dadila oroimenaren besarkada beroa niregana eta laga  nazala gaurkoan gisara sentimenduz plei eginda, belaunak eta zilborrak  geratzen zitzaizkigun eran San Migeletako ur bizietan, eta aurki bitez  sarritan pizturik harriduraren argia eta distira gure haur-begietan,  ferry ingeles erraldoi txuri hark —Panther izena datorkit beti  gogora, hala bazen edo ez bazen— kanal osoa betetzen zuen alditan  bezalaxe, gu gasolioz zikindutako uretatik txistu bizian ateraraziz,  Pasai San Pedroko etxeak bere munstro-bizkar atzean desagertzen  zirelarik, San Juango gureak jostailuzkoak ziruditen bitartean ur  gaineko mirari tzarraren aldean, sekula baino estuagoak, erabat  hauskorrak, zeharo txikiak, eta beti bezala paperezkoak mendiko  harkaitzen mendeetako mehatxuaren azpian.

Plazako gure bizitoki heze,  xume, antzinakoak, kanaleko sarreran leherrarazten zituzten barrenuekin  dar-dar bizian jartzen ziren, nire gorputzaren modura gauaren eskutik  zuregana hurbiltzerakoan.

 

4

Orain  Denbora ez dela urteetan zelatan eta atzaparka aritu zaidan piztia  itogarria, ezti mintzo zaizkit olatuak eta absentziak, eta honela  izatearen lengoaiaz elikatzen ari da ene arima, bare-bare.

Itsasertzeko itzala besterik  ezagutu ez duen hareharri umelaren usain gazia jariatzen dut sarritan,  Pisbeko horma gastatuen usain berbera, Ternuako bidaiek zein hauek  guretzat lagatako elezaharrek bakailao arrasto itsaskorraren usain  eternala; horrelakoetan barneak arroketarako bidexka hartzera bultzatzen  nau, Puntaserantz, atzean utzita plazako paretan pilota kolpe galduen  oihartzuna, eta kexa zaharrak eta asmo berriak tabernetako mingain eta  hortz-haginetan.

Labana zorrozten dut  arrokaren kontra, urteetako arraspatzearen soinua, zenbat eta higatuago  orduan eta hobe ebakitzen —durduzatu egiten duen zorrotza—, ohiko  moduan, hatz puntak emaitzarekin kontent geratu dela esaten didanean,  ganibeta bueltan patrikeran sartu eta, berriz ere, Denborari oinak eta  eskuak moztuz, begiak itxi eta kopetaren barnealdean gure silueta biak  —existitzen al dira soin eta adar mutaezinak?, nora ote dira gorputz  hautsezinak?— bakar batean marrazteko.

 

* * *

 

Aitonaren  sare hezearen gainean gaude. Denboraren edabe pozoitsuak inolako  eraginik ez gugan. Haurraren eta aurrerago gaztetxoaren zentzumenek jaso  eta jositako arnasa eta korapiloa nigan dira oraindik, gaur ezin  biziago. Oin biluzien dantza mingarri-gozoa, isila, sekretua, arroken  azal ziztatzailean. Itsaso urruneko uhina, eta berdin zure adats eta  garondoko usaina, bidezidor honetan, betirako.

 

© Martxel Mariskal    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko