Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
HAUTSITAKO SOUVENIR BAT V
(2017)
PAPEREAN BILDUTA
(2017)
ITZULERA
(2017)
ZERUAREN ETA ITSASOAREN ARTEAN
(2017)
KAPITULAZIOA
(2017)
UHARTEAK III
Martin Bidaur , 2017
Oskarbi,
jantzien zirrikituetatik
hezurretaraino sartzen zait hotza.
Jendea agertu da urrunean
itsaso gainean oinez. Harrigarria da
ilargi beteak gau itxia nola zulatzen duen.
Berriro agertu da Santa Klara, Atlantis, urpetik
gainazalerakoa egin berri balu bezala.
Lurretik banandu zeneko
garai ahantzietatik
bere lekutik mugitu ez denaren
ziurtasunez bete du paisaia.
Haizearen Orrazitik
uharterainoko pasabidean
zehar doa jendea,
itsaso gainean ibiltzen.
Uharteari,
itsaso gainean doan jendeari
bizkarra eman eta begiak
itxi ditut ostera. Nor naizen ere
ez dakit dagoeneko. Ozta-ozta dakit
non nagoen. Norbaiten zain egotera
etorri nintzen hona,
hamar urte atzera.
Orduan ez nekien
zain egotera nentorrenik.
Labirintotik ihes egin eta
itsasora erori nintzen. Berriro
zabaldu ditut begiak,
badaezpada ere.
Erre usaina dator 1813ko irailetik,
uharteko bidexketan jolasean
dabiltzan gazteen garrasiak entzuten dira.
Ez naiz itsaso gainean ibiltzeko gai,
hondarretan orkatiletaraino eta
uretan belaunetaraino sartuta
uharterantz noa ni ere.
© Martin Bidaur