Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
SITSAK
(2022)
ERDIKO ESPAZIOA
(2022)
CYPERUS ROTUNDUS - IV
(2022)
IZ. (BOT.) KAKTUS
(2022)
OPERA PIANTO
Lizar Begoņa , 2022
Ibiliko gara oraindik
laranja koloreko olibondoen artean,
non enbarkazioa aparkatuta utzirik
Mediterraneo osoan Caruso entzungo den.
Kostalde ertzetik
ibiliko gara
minik gabeko Portugalera iristeraino
eta astroak, behingoz,
dagokien tamainan agertuko dira.
Iritsiko gara
egunez beltzak eta gauez zuriak
izan gaitezkeen lekura,
nahi ditugun jende-izenak hartzeko.
Paisaien antzera
mugituko gara arkitektura orotan
udaberri hasierako usainez,
munduen bilkura handienean.
Bizizaleen omenez
mozkorturik kantatuko dugu,
eta opera baten tankerako negarraldiekin
bukatuko ditugu arratsaldeak.
Iraganeko bizitzetan
eta datozen guztietan
egongo gara aldi berean,
Alephetatik elikatuz, heriotzatik janez,
jakiteko horietako zein izan den
egokitu zaigun hau,
eta nola igarotzen ari den ulertzeko
ibiliko gara oraindik
laranja koloreko olibondoen artean,
non enbarkazioa aparkatuta utzirik
Mediterraneo osoan Caruso entzungo den.
© Lizar Begoņa