EGUN TXIKIEN AROA
Itziar Ugarte Irizar , 2021
“Orain den-dena
beste norabait doa”.
Jose Luis Otamendi
Itoizko solidarioen ekintza
dakar gaur prentsak
nola moztu zituzten
porlana garraiatzen zuten
sei kableak
nola lortu zuten
aldi batez dena
etetea.
25 urte eta argazkian zutik urtegia.
Iulen Madariaga hil da biharamunean
eta belaunaldi haren inguruan irakurtzen
ez daukat garbi
noraino sar daitekeen
bizi gabeko garai baten
zalantzetan
galdu-mina zer den ere ez dakit dakidan.
Galdetzen dudana da
erresistentziak eta etikak
forma berri bat har dezaketen
aro bakoitzean
zer den ukiezina definizioan.
Idatzi dut eta gero ezabatu:
hizki handien ondotik heldu gara gu.
Urtemugekin betetzen ditugu
egun berrien azalak
eta haiei esker ikasten dut ostera
garai hau ez dela beti
izan zitekeena.
© Itziar Ugarte Irizar