ZULOA LEIHO
Itziar Ugarte Irizar , 2021
Ez zen inoiz hemen egon
eta hemen segitzen du:
belauniko eta armatuta.
Azken argazkia da hori
Aitzgaineko puntan.
Galdetu izan dut
noiz helduko ote zen horra,
hil aurretik ere hor ote zen.
Soroan geunden ama, bera eta hirurok
baba batzen, iraila zen,
ulma dagoen lekuan? Hor.
—Leihotik ikusten dut non den—.
Hor non gelditu zen kotxe bat
eta jaitsi ziren bi gizon, zuzen geuregana.
— Hi, gurekin etorri behar duk.
Gure ama hasi negarrez, neu ere negarrez…
— Ez egin negarrik, ama, segidan etorriko naiz.
Lagunek ihes egin zutela nekien,
ohean harrapatu zutela gaixo.
Pasaian zebilen guardiak egiten,
urak zerbait zuela eta ez zuela
sukarrak jo eta etxera bidali zuten.
Oso lagun jatorrak zituen anaiak,
Bizkaia aldera zihoazen:
— Olalde! Ez zatoz?
Oraindik entzun egiten dut aita
behetik egurra txipitzen:
— Zelan joango duk sukarra zeukak eta?
Ikusten ari naiz gero, hil zutenean
belauniko oheari helduta:
— Esan egin behar du seme batek
aitak ez diola uzten joaten!
Gurpildun aulkitik begiratzen nau.
Hau da jakin nahi zenuena?
Hanka bat moztu zioten eta
ilunpean ditu begiak lasai.
Sorbaldan eramaten ziren hilkutxak.
Ama eta biok soroan egoten ginen lanean eta
hilerriko kanpaiak jotzen hasten zirenean
aitzurra utzi eta barrura sartzen ginen,
kutxa ezkutatzen zenean, atzera lanera.
Ez zuen inorengatik gaizki hitz egiten
baina ez zuen inor gehiago ikusi nahi.
Udaletxeko ziegan egon zela aurretik,
hori ere banekien.
Egunean hiru bider joaten nintzen
gosariarekin, bazkariarekin eta afariarekin:
bost zeuden.
—Izen-abizenez oroitu ditu, baita nor
joaten zitzaion bakoitzari janarekin ere—.
Egun batean, jo zuten tinbrea, edo aldaba,
eta hor mutil bat, reketea:
— Entzun, notizia batekin nator: Zeferinori
ez eraman afaririk gaur, Donostiara eraman dute.
Zorabiatuta erori zen gure ama,
hantxe hil zitzaidan.
Ondarretako kartzela, hori ere agertzen zen
aurrez genuen kontakizun pobrean.
Joan da aita hara, zure birraitona, Tomas,
eta han non bi falangista atean:
— ¿Qué desean los señores?
— Quisiéramos visitar a tal y cual.
— Si no se mueven pronto…
Hartu tranbia eta antxintxiketan
Alde Zaharrera.
Etorri zen eta gure amak:
— Ze berri? Ze berri, aita?
Baina ezin esan.
Azaroaren 5ean hil zuten, Oiartzunen.
Ez diogu baserritar hari inoiz ordainduko:
enterradorea zen, etxeko pinuditik gertu
tiroketa bat entzun zuen
goizaldean, tiroak entzun zituen lekura joan
eta han zeuden bostak
bostak fusilatuta.
Hartu, kanposantura eraman
eta paretaren izkinatxo batean,
baina eremu santuan, lur eman zien.
Egunetara, mugaren bestaldetik nator.
Hartu dut irteera, banoa behera eta
gerturatu ahala geldotu da dena.
Lauretako argia, hiru neska
pauso nagiz igerilekura. Sartu
eta ikusi dut barrenean
ekialdeko horman irekita leiho bat
metalezko barra bat zeharka
—tiro baten bide zuzena—.
Hor egon naiz. Umetan
Ceferino Ugarte Aiastui
bilatzen nuenean bezala
Arrasateko geltoki atzeko oroitarrietan,
gurea hura zela baina nor zen jakin gabe.
Hor, ehiztarien tiro hotsek
—sinesgaitza iruditu arren—
isiltasuna nola zulatu duten entzuten.
© Itziar Ugarte Irizar