Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
SAN PEDRO BEZPERAREN ONDOKOAK 1 — I
(1972)
SAN PEDRO BEZPERAREN ONDOKOAK 1
(1972)
MEMORIAL
(1982)
SAN PEDRO BEZPERAREN ONDOKOAK 1
Arantxa Urretabizkaia , 1972
III
Nik maite dudan jendeak
nik
baino gutiago maite nau.
Nik maite dudan jendea
ez zait inoiz,
arratsalde euritsu batez,
lantokira aterki batekin etorri
busti ez nadin,
ez da nik esan dudanaz gogoratzen
ez nau gauza mirakulos bat bezala begiratzen
ez du nigan itsuki sinesten
ez du ene beharrik sentitzen.
Horregatik,
horrexegatik,
zu,
aterkia eskuan,
portalaren alboan,
beste seinalerik gabe,
ezagutuko zaitut,
hainbat aldiz,
zaparrada baten harian
aterkia eskuan,
norengana jo ez zenekielarik,
zeure besoaren eta aterkiaren
tristeziaz
negar egiten zenuen
hori.
Eta erakutsiko dautzut
neure besoen epela
neure soinen zorrotza
izarren isila
anemonen apala
La S‚oube-ko goizen sekretua
artaldetik urrun dabilen bakartiaren
oihua.
Eta zuk,
aterkiaren gauaren pean,
euriaren azpian ezkutatutako xoko samurra,
lagunen arteko marmario amankomuna,
zakurren laztanen biguna
etorkizunaren esperantza beldurgabea
bi izatearen zoriona
irakatsiko dautazu.
Eta ni izanen naiz leiho irekia
eta zu gaua,
aterki beltz,
handi,
herdoildu baten pean.
© Arantxa Urretabizkaia