A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

INFINITUAREN ZATIAK
      (1999)

TXEKOSLOVAKIA
      (1999)

LARUNBAT ARRATSALDEA
      (1999)

BILBO
      (1999)

BIZIKLETA BAT EGINGO DUT ZURE IZENAREKIN
      (2005)

BELDURRAREN KAFEA
      (2005)

PENTSAMENDUAK NEGUKO LOREAK DIRA
      (2005)

BASURDE BURU DISEKATUAK
      (2005)

PORNOGRAFIA
      (2018)

  literaturaren zubitegia  

 

TIGREA GURE ETXERA ETORRI ZENEAN

        Martin Etxeberria , 2018

 

 

Tigrea

gure etxera etorri

eta bere itzal marradunarekin

atea jo zuenean,

uniformez mozorrotua iritsi zen.

 

Horregatik hasieran

ez nuen ezagutu.

Ez nuen ezagutu

bere biboteak ikusi nituen arte.

 

Bere begiak ederrak baitziren,

gasolinaz zipriztindutako

euri-putzuen antzeko.

 

Bere masailak, biribilak,

enaren bularrak adina.

 

Ezpainak, finak,

aintzirako buztin zuriz eginak.

 

Biboteak ziren soilik

nor zen salatzen zutenak.

 

Zurrun eta tente,

odol herdoilduz gogortuak,

zurda anker

eta ke iletsukoak.

 

Hitz egiten hasi zenean,

bere ahotsak

etxe barruko paretak

zimeltzen zituen.

 

Irribarrez ari zela uste dut.

 

Barrez algaraka ari zela uste dut.

 

Baina beharbada

bere ezpataren oihartzuna baino ez zen,

buruz behera urkatua.

 

Gizonak

gerra berri batez

erditu dira.

 

Esan zuen.

 

Orain jaioberriak

haurrak behar ditu.

 

Ez krispetak,

baizik eskopetak.

 

Ez lagunak,

baizik alargunak.

 

Ez ostadarrak,

baizik su eta garrak.

 

Gerrak

zu behar zaitu.

 

© Martin Etxeberria    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko