Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
EZINTASUNA
(2004)
MAITASUN PSIKOTIKO BLUES
(2004)
KLAUS DETEKTIBEAREN ANOTAZIOAK (HILTZAILEA LORAZAINA DA)
(2004)
TELEFONOAREN URTAROA
(2004)
ERANTZI
(2007)
BIZIRAUN
(2007)
EUROPA (Antiutopia)
(2007)
POỈSIS
(2007)
ZAURIA ETA ORBAINA
(2007)
MONJEA ITSASERTZEAN
(2011)
AZKEN HITZA
(2011)
PATUA
Jon Gerediaga , 2011
Nahiko nuke nire patua izatea
argia, alaia eta erreza
eguzki-izpiak itsasoan bezala
zeharkatu dugun errekaren neurrikoa
nire minaren sakonera
nire beldurra, arrunta
zuretzako aukeratu dudan harria bezala
ertzetan ohikoa, apala, beste harrien kolorekoa
nire amorrua edo oinazea
mugatua, iragankorra, jasangarria
gizon baten tamainakoa nire bizitza
ez gehiago: haragizkoa eta arnasak puztua
eta noizean behin, pasieran
zure eskutik askatzen banaiz
bidaian opari bat lortu zuretzat:
ura harrapatu esku bakarrean, esaterako
itsasoari baimena eskatu ostean
gogoratzeko biok kresalaren zaporea
une batez gazia eta berehala geza
edo zuk maskor zuri bat aurkitzean
zure aldamenera itzuli lehenbailehen
maskorra agian nakarrezkoa delakoan
zure pozarekin nik ere gozatzeko
gogora dezagun behinola
ume izan ginela, aparraren adinekoak
zuriagoak, zaratatsuagoak eta ederrak
eta oraindik ere hemen gaudela
zutik itsasoaren aurrean
pozik egoteko benetako arrazoia
nakarrezkoa ez dela jakinez
haragizkoa baizik, arnasak puztutakoa
eta ohartu
oraindik ere bizirik gaudela
zutik eguzki-izpiei begira
eta isilik, itsasoa ez bezala
kaioak ez bezala
bizitza zaratatsua ez bezala
eguerdi argi, alai eta errez honi begira
nahiko nukeen patu honexeri begira
zurekin, esker oneko.
© Jon Gerediaga