Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
HERDOILAREN TRISTEZIAREKIN BATERA
(1978)
HAREA
(1978)
TRIKUARENA
(1990)
HUTSALAK MY LOVE
Bernardo Atxaga , 1978
Hutsalak my love zure zetazko galtzerdi distiratsuak,
Hutsala fita doratuko zigarro horren fantasia;
Oroimena edo zu ke beldurtia,
Eta hauskorrak halaber maitasuna eta armiarmaren etxea,
Kartoizko teilatu azpitan babestutako ametsak.
Berokietan soilik iraun dezaketen Inoiz Beti edo Bihotza
Bezalako hitzek, edo expresaren abistua gauean galduz;
Eta zure begirada, my love, sagar jelatua,
espaloi horietatik zakur deslaien haginetan.
Baina etzazula antsiarik egin.
Abriguaren botoia bezain nimiņoa naiz esanez,
Gezur ttipiak asma ditzakegun bitartean:
Gizonkillo bat ( esate baterako )
mozkor taberna berde batean
Zuretzat bakarrik pianoa my love jotzen,
Hatzamarretatik ahate basatiak sortzen zaizkiola,
Zure izena ebakitzen duen bakoitzean;
Zuhaitzak, esate baterako, zoratu egin dira bart,
Hodeiak beldurtzeraino haziz;
Esate baterako eguzkia
Gizon biluzia bezala gure etxean sartzen
Tximeleta kargamentuarekin;
Eta bota dezakegu baita ere txanpon bat makinan,
Only you entzunez txorakeria batzuk esateko;
Edo bestela my love, nahi izanez gero,
Hertsi itzazu begiak,
Eta pentsa Bonny and Clyde garela eta zu soineko gorriz;
Irlaren batetara joanen ginateke, bestalde,
Inon irlarik balego;
Edo herri honetako proiektuetan murgilduko
Utopia ausartenak ere hain zikoitzak ez balira hemen;
Azken finean zer esan daiteke bizitzaz,
Segurugilearen blagak beste balio duela,
Eta modako pintorearen maitalea bezain estupidoa dela,
Igande arratsalde hilezin bat.
Iragana aipatzen duzu: hastapenetako uraren burbuila
Soinua espia bat bezala ezkutatuz Altzairuzko
Teloiaren atzean.
Berresan ahal ditugu zenbait hitz etorkizunaz ere, anti
Ajuak adibidez, ajetibo kalifikatiboak,
Komuneko paper agortezina,
Kolorezko gantzontziloak,
Medikuak minbizia gaurkotzen;
Eta poeta panparroiak,
Eta banku zuzendarien seme-alaben errebolta.
Ez, my love,
Tximinoek ez dute planeta konkistatuko zoritxarrez,
King Kong ez da iritsiko ziutate honetara;
Eta izar zaharrenaren indar profetikoa profeituz,
Koskortuko dira oraindik itxaropena,
Eta balkoiko geranioa.
( esan zuen Humphrey Bogartek sonbreilua okertuz )
© Bernardo Atxaga