BEYROUTH-2
Eneko Olasagasti , 1985
Fedayin batzuk militar jantziaz
Hamra kale erdian begiratzen dituzte
saltzaile baten maleta hutsak,
azken erromantikoen itxaropenak gordetzeko
maleta hutsak.
Elianek begiak gorriak ditu
bere etxe aurrean dauden zarama sutsuengatik,
Estrale zineman bilatu zuen bart etxea,
israeldarren inbasio bezperan «Exterminatzailea»
botatzen zuten.
Handik, bonben zarata urrun entzuten da
Akomodadore papera betetzen duen miliziano batek
gorde behar diren neurriak azaltzen ditu.
—hemen ezin da erre, baju hitzegin, eta transistorean
berriak entzun nahi badituzue, egin ezazue arren
deskantsiloan—
Bainan Elianek,
Beyrouthen beste askok bezala, atzodanik
gertatutakoaz hitzegiteko iragana erabiltzen du.
Maletek hutsik diraute,
lekua egiten borroka galdu guztiei,
atzerrirako bidea
azken hiri erromantikoaren eskonbro gainetan.
© Eneko Olasagasti