Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
BIZKAITARRA
(Zatiak)
(1959)
SOUVENIR D'ESPAGNE
POUR MESDEMOISELLES SOLANJE ET HELENA GEREZIAGA
(1963)
ZORROTZAKO PORTUAN ALDARRIKA
(1963)
NIRE AITAREN ETXEA
(1963)
APUR DEZAGUN KATEA
(1963)
POESIA
(1963)
EGIA BAT ESATEAGATIK
(1963)
BILBAOKO KALEAK
(1967)
GIZONAREN AHOA
(1967)
JOSEPA MENDIZABAL ZALDIBIAN
(1974)
MALDAN BEHERA
(Zatiak)
Gabriel Aresti , 1959
1. UNTERGANG
Egun honetan nire gogoak
utzi nai baitu mendia,
MALDAN BEHERA DOA AGURO
NIRE GORPUTZ BILUZIA.
Honera etorri baino leen ongi
ezautu nuen herria;
txiki-denporan eduki nuen
han ene bizitegia.
Ama maiteak emaro niri
ematen zidan ditia:
MALDAN BEHERA DOA AGURO
NIRE GORPUTZ BILUZIA.
Honera ekarri nuen handikan
nire tristura haundia,
gizon doilorrek egin zidaten
bidegabe itsusia.
Orain zikina, zitala banaiz
orduan nintzen garbia:
MALDAN BEHERA DOA AGURO
NIRE GORPUTZ BILUZIA.
Mendi gailurrak ikusi zidan
arduraz penitentzia,
haranerantza ibiliteko
eman zidan lizentzia;
hari entzunik dirudit orain
hegaztina kantaria:
MALDAN BEHERA DOA AGURO
NIRE GORPUTZ BILUZIA.
2. HARIZTIA
Orain hemen nago, eremu latz honetan.
Nire gurariak galdurik, lur hauetan
arbola adar-gabeen parea naiz orain.
Landare zekenak baitaduzka eremuak,
erratzak harean, haitzetan kalamuak,
nire arima dago mirari baten zain.
Eztago zeruan egun hodei batere.
Denpora sikuak garantzen ditu bere
ordu miragarriak sekula batean.
Zerura begira egoten naiz luzaro,
izarren esnetik edaten dut oparo,
baina egarri bizia daukat bihotzean.
Azken eremuon natzalako atinik,
hezur-lekuetan eztaukat zer-eginik,
ta iruten dut astiro itogin sikua,
nundik egunotan doakidan bihotza,
entzun eztelako ur lasterraren hotsa,
apur bat busti dezan lurreko kolkua.
Eztut gaur ezer jan: eztut horren beharrik;
eta gau osoan egondu naiz itzarrik,
kandeletan ikusiz eulien hegalak.
Barauetan eztut oinazerik aurkitu,
bakarrik egoteko asmotxo makalak,
eta lo-galeak benedikatu ditu.
Gainerakoa da alperrikako gauza:
Hermita eroria, hobietako lauza
eta maitalearen gorputz usteldua;
ezpaitzekidaten benetan erantzuten,
mugitu ezineko itxura hartu zuten
herio geldiaren mustur zimeldua.
Gauerdi batekin agertu zen arraina,
zilarrezko ezkatak eta buztan apaina:
Eznuen konprenitu nundik etorri zen.
Goizaldean, noski, paratu zen marean,
ta gero sartu zen jarri nion sarean,
iheri neuganantza ahalik lasterren.
Bere aginekin eman zidan dolore,
kolore denetan: gorri, beilegi, more,
ikusten bainizkion begi biribilak,
gutiziarekin, bere hegal zimelak
ebaki zizkidan tenorean kordelak,
geldiro libraturik nire orkatilak.
Eta indarrarekin eman zuen bizia.
Nire sabelean mendekuzko zuzia
izar baten moduan izeki zitzaidan.
Nire etsaiak zeuden lekurantza joan nitzen;
biak nituen hil, eta eguzki-brintzen
edertasun zabala argitu zen nigan.
Eremuak ere dauzkalako mareak,
behera eta gora egiten du hareak,
eta nire gorputzak ezin egon zutik.
Arroken ostean agertu den etsaia
ene begian da baratzeko galaia,
itsuki baitiotsat: Ken hadi hemendik!
Haitz gorri beltzetik datorren arranoak
moldegaizki lotzen dizkit anka-besoak,
eta laket bizian etzaten da lotan.
Koba sakonetik irten duen sugeak
egunero dizkit moztutzen bost erpeak;
hegaztinari zaio hurbiltzen narrastan.
Batzutan diotsat ilunpeko jaunari:
Pozetan negarrez, doloretan kantari,
gizona zen emazte urrikaria nauk.
Nire ezpainetan dagoen ur gazia
oraintxe kentzeko, egin zaidak grazia:
Ezin paira nitzake premia gogor hauk.
Animali biok dira nire lagunak;
nire deserriko mahats geza bigunak,
ze moduz jakin gabe, orain dizkiet zor.
Biziko lorean ernatu da kimua:
Sugea, arranoa, ta azkenean zimua;
hiru animalia baizik eztago hor.
Hiru gorputzekin egin nuen arbola
sikuari, gero, eman nion odola,
bihotzetik ugari atera nuena.
Arrainen hegalak ziren bere sustarrak,
arrano zurien lumak ziren adarrak,
eta bere tronkua sugeen buztana.
Haritz bedeinkatua
adoratu nuen.
Nire belaunak
lurrean jarri
nituen.
Ordu hartan
nik eznenkien
zerk iharrosi
ninduen.
Haritz bedeinkatua
adoratu nuen.
Arbola bakarreko
harizti maitea:
Egun oraindik
eztuzu bete
urtea;
indar haundiz
apurtu duzu
lotu ninduen
katea.
Arbola bakarreko
harizti maitea.
Haritzaren adarrak
mugituz biziro,
aita nirea
balitz bezala
emaro,
behar nuen
bendizioa
partitu zidan
luzaro.
Haritzaren adarrak
mugituz biziro.
Horko bidea gaitza dela,
eta kamino zabala.
Harri zorrotzak daude hortik, minduko zaitzu oin-zola:
Basamortua,
arantz-ortua,
laga zazu berehala.
Etorri zinen haranetik
estrata luze batetik:
Orain zu zara itzuliko gauza guztiak utzirik,
lehengo estrata
itzali da-ta,
bide-zihor horretatik.
Frutu gozorik ezpaituzu
mendi honetan dastatu,
egi garratz bat behar dizut bene-benetan aitortu:
Gaueko izotzak
arantz zorrotzak
mertxiketan sartu ditu.
Udaberriko gau ederra
bihurtu zaigu gogorra;
elur zuriak estali du hemengo mendigailurra,
ta krabelina,
apain ta fina,
orain ezta mundutarra.
Lore guztiak usain gabe
geratu dira hementxe;
sasietako orri motza ikusten duzu kolorge,
eta limoiek,
laranja hoiek,
zaporea galdu dute.
Bihurtu zaitez haranera,
hemen aspertu bazara.
Senda luzea har ezazu, begitu gabe atzera.
Zure gogoa
ezta, gajoa,
itzuliko eremura.
Haritza, egun triste hartan,
hola mintzatu zitzaidan.
Libertatea lortu nuen katea apurtu zenean,
baina bihotza
geldo ta hotza
neukan nire bularrean.
© Gabriel Aresti