A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

AMA EUSKEREARI AZKEN AGURRAK
      (1879)

BEHARGIN ALEGERE BAT
      (1891)

HERIOTZEA
      (1894)

UDABARRIARI
      (1897)

ARRATIAR SOLDAU BATEN KUBAKO AMESA
      (1897)

  literaturaren zubitegia  

 

BIZI DA AMA EUSKERA

        Felipe Arrese Beitia , 1880

 

 

Hiru gaubela Amari eginaz nenguan arbolapian,

Neure begiak lihortu ezinda bere buruko zapian,

Jaunak ez baleust gorde bizia hainbeste minen erdian,

Bakezko lotan arimiau ta gorputza neukan hobian.

 

Eguzki ederrak ikuste ez arren, negargarriau lurrian

Hodei ilun bat ipini eban arpegiaren aurrian,

Baltzez jantzirik agertu ohi zan damuz goizian-goizian,

Gorde ilargia lotsaz izarrak gabaz azaltzen ez ziran.

 

Ni gisajo hau, Amari munka bekoki ta begietan,

Sur, ezpain, okotz, matraila biain esku eta oin hotzetan,

Erdeldun askok ikusi arren estura samin orretan,

Ezerez hutsa bazan legetxe aurrera euren bidietan.

 

Hirugarrengo gau erdirako eztarri hau zarratu zan,

Begiak agor, pultsuak geldi, ozta-ozta bizi nintzan,

Gizon argitsu bizi eder bat nun dakustan zeruetan,

Zuriz jantzita hodei gain baten lauburugaz eskuetan.

 

Ule luze ta bizar urdinez agura itzaltsu bat zan,

Hodei gainean puskaten geldi ikusi neian egon zan,

Hasi zanean baina beheruntza ez dakit nola ez zelan,

Onaztarri bat baino lehenago jausten jat alboan bertan.

 

Justuri batez halako hotsik ez dan ez inoz atera,

Mendiak dar-dar haitzak lokaka, Euskelerria ikara,

Harri bat legez ni hotz ta gogor ia zentzun asko baga,

Hots gozo batek bertati dinost: Jaunak gorde zagizala.

 

Bakea zugaz, baita anaiakaz natortza iragartera,

Tubal aita naz, zerutik nator Amatxo osatutera,

Atsegin eta pozez beterik zerutar danak batera,

Kantetan dabe: hizketa artean garbiena da Euskera.

 

Omen artean baina nituzan entzun nik zure negarrak,

Aitu nituzan zerurainoko zure dei eta deadarrak,

Beheian itxirik ilargia ta eguzkia zein izarrak,

Oraindik gora igoten eben amodio horren sugarrak.

 

Baina nasaitu, atseden zaite seme maite, ez da hil Ama.

Ume gaiztoen atsekabeak geixotu dabe horrela,

Orain guztiak negar dabe egin ezaguturik okerra,

Hil dalakoan beti-betiko, Euskera Ama laztana.

 

Negar dabe egin Bizkaiak eta Araba ta Gipuzkuak,

Negar dabe egin Naparrak eta euskeldun Frantziakuak,

Orain arte huts egiteak daukazuez parkatuak,

Baldin bazare aurrera izaten anaiok alkar hartuak.

 

Hauxe esanda, putz egin eutsan Ama geixoari ahotik,

Eta bertati gazte bat legez oinen gainera zan zutik,

Eta dirautsa: Ama jatsi naz zeruetatik zugaitik,

Seme leial hau hil zinala-ta neukalako hotsez lurretik.

 

Biziko zara baina zu hemen, munduak dirauan arte,

Lur honetara etorri zinan neugaz orai lau mila urte,

Etsai gaiztoak gerra min asko ta zauri egin deutsue,

Baina oraindik Ama bizkorrik ikusi behar zaitue.

 

Agur, zerura banoa, eta gehiago ez zan ikusi,

Ama bakarrik neuri begira eta ni barriz berari,

Zabal-zabalik bere besoak eustazan laster ezarri,

Sotil ta umil entzun neutsazan berba samurrok berari:

 

Pasino latza irago dot, ai! joan diran egunetan,

Neure arimau neukan ala ez, ez dakit, gorputz honetan;

Indar barri ta bizi-bizi bat bihotzean dot sometan,

Odol gaztea darabildala uste dot neure zainetan.

 

Seme guztiai esan eiezu bizirik nazala hemen,

Ta datozela txar eta onak danak ikusi nagien,

Mundua mundu arbolapean bizirik euki naizuen,

Berbeta gozo eder honetan saiatu danok egiten.

 

Egia da bai umezurtz gagoz foru baga lotsarian,

Baina emongo arbola honek dauz orriak udabarrian,

Negu gogor ta ekatx handiak hartu gaitue erdian,

Hainbeste gatxez ez gara egon lehenago Euskelerrian.

 

Baina begira, neure semea, Arbola honi han goian,

Nun antxinako Lauburu zaharra zelan daukan agirian,

Esan egizu lotsarik baga ta harrokeria handian,

Beste gauzarik ez dala adorau sekula Euskelerrian.

 

Zuaz, barriro dirautsut eta neure bedeinkazinuaz

Zuaz, anaiak argitutera hemen ikusi dozunaz,

Baina ez arren gehiago nahastu erdeldun ohiturakaz,

Neugaz bakarrik biziko zare munduan atseginakaz.

 

Irakatsiok entzun neutsazan malkoak gorde ezinik,

Aldendu nintzan, esku-oinetan laztan gozoz mun eginik,

Neure herriari iragartera, ez dala ez hil Amarik,

Eta anaiok gaitiala izan euskeldun garbi bakarrik.

 

Neure anaiak, bat izan beti euskeldun siniskeretan,

Bat izan geure uste, eretxi, gogo eta asmoetan,

Fede bizi bat baldin badogu bihotz eta arimetan,

Bakez oraindik biziko gara mendi, hatx ta ibarretan.

 

© Felipe Arrese Beitia    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko