ZILARGIA
Imanol Irigoien , 1989
Urak eta suak zauritua
daramate hegaberek oinhutsik,
irakinda, argiaren oihua
haize gailurrera.
Iparraldera ebakia,
oinhutsik, argia.
Oihaletan hauts, zilar leundua,
hitzaren egarri da,
bazterreko argiunean
argilunaren gose.
Zilargia ilbeheran,
argi-errainuak zurbilak, jausleak, zilarrak
—lehen argiegiak zirenak, aratzak orain—
zeinetan —lainoa zeruaren adineko,
leihoaren mugan—
zerua den laino.
Argitara nire zama hau
itzalaren leizetik eri,
zirrara nahasian dator
—harriak ere arnas larrian—
urratuta hilotzetik
gauaren oroimena
kearekin
kristal gauean.
Argitasun purpuraz orain,
mendigainek bare. diraute
itsasoa amaitzear.
© Imanol Irigoien