NERE ETXEKO LEIO SAPAILLOTIK
Jesus Maria Arozamena , 1969
Zumardian jaioa naiz; nere etxeko laugarren bizitzan;
Gaztelua goian,
itsas-muturra behean.
Kasinoa, Bretxa; Kursaleko zubia eskubi aldean.
Xexenatara bidean, kalez kale arlotea jo ta jo;
Donostiko soinulariak, Kiosko zehar
Tanhauser, Golondrinas
zugaitz hosto hegaletan ondo entzuteko.
Nere leiho barrendik
ikusten gaur ere hau guzia ondo aski...
ibiltoki eder, hainbeste kaletarren joan-etorri larri,
agur batek besteari;
esnezale,
jostaketan dabiltzan mutiko gazte.
Noizik behin jende pila marmarrean;
Erregiņa, bere haurrarentzat
azpiko jantziak
erosten Ciprian etxean.
Tabuyotarrak nituen auzoko,
Marina eta Sofia nere lagunak izeneko.
Leihotik ikusten, Trabadelo bat,
haren arpegia mamuxel antzera;
goitik beheraino ile guridun soineko luzea;
balkoira azaldu
kaio-irrintziak ezin inolaz moldatu.
Diotenez, Dubarry andrea zanaren ohe gainean egiten zuela lo;
Karlista denborako guda-mutila ote zan zenbaiten ahoz...
Bazuen itxuraz zerbait harritzeko
haren arpegiak; begiratzen banion, bildurrez gero.
Negu gogorrean, itsasoa harro-harro,
zubiak astindu behetik goraino.
Itsaso aparrak zuri-zuri,
lur-azala erabat busti.
Inor ez zumardian;
bat edo beste bide erdian,
ezin eutsi eskutan zuen aterpeko bihurria.
Hauxe bai neretzat maitagarri;
Gaztelu zaharreko itzal mordoa begira leihotik
sudur begi;
arbolak ez hosto, ez mami;
kalea diz-diz, euri malko busti,
eskutan zuen aterpekoa ezin eutsi,
zirt eta zart, han doa pusketan bi erdi.
© Jesus Maria Arozamena