Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
HILDAKOEN ARTEAN IZENDATU NINDUTEN
(«EPIKA GARAIAK EZ DIRA IRAGAN»)
(1988)
EROMENAREN INGURUAN
(1994)
BAZEN BEHIN
(1994)
LOTAN ZEGOEN LASAI
Joakin Balentzia , 1988
Lotan zegoen lasai
besaulkian jarria, su suntsigarria
onuragarri agertzen zen bitartean.
Burua makurturik zela
adatsak estaltzen zituen
bere diti biluziak,
irudi zentsuratu eta iradokor batean.
Baina biluzik zegoen egiaz
arratsalde hartan?
Niretzat bai, anitzetan bezala,
jantziak bere larru eztia
tapatzen badu ere.
Ibiltarizko oinak ziren,
grazia berezirik gabe,
bide luzeak neurtzeko eginak.
Bere behatzen artean
hondar latzak eta hauts umilak
babesa aurkitu zutela susmatzen dut
zorionez inoiz idatziko ez diren
istorioak kondatzeko.
Bere iztartekoa haragizko eta itzalezko
marra bat zen,
denborale turbulentuak
itsaso familiar, xume eta otzanetan
igartzeko moldatua.
Suan zartaka zegoen egurra
neguaren testigua zen;
honek, kanpoan, kolpatzen zituen
etxeko kristalak.
Eskena osotzen zen
ez zegoen piano batekin;
bere notak geratu ziren
kasettean grabatuak, oroipen uherrak,
lore xehatuak bezala
lurrin forma hartzeko modukoak.
Lizunak ziren nire asmoak,
atseginez landuak;
haragizko eta itzalezko marra
zabaltzen zen
ni besarkatu eta poseditu arte,
oihu basati eta zorion batez
andrea ernatzen zen bitartean.
© Joakin Balentzia