Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
HILDAKOEN ARTEAN IZENDATU NINDUTEN
(«EPIKA GARAIAK EZ DIRA IRAGAN»)
(1988)
LOTAN ZEGOEN LASAI
(1988)
EROMENAREN INGURUAN
(1994)
BAZEN BEHIN
Joakin Balentzia , 1994
Ahanzturaren kontra egunero borrokatu behar dugula
noizbait erran didate lagunek
eta nik halaber uste dut
ahanzturaren alde egunero ere
zerbait egin behar dugula nahitaez,
ez baitut nahi beti gogoratu
besteen partetik pairatu dudan ahantzia,
edo txatxu harro horren mespretxu iraunkorra,
edo susmatzen ditudan injustiziez
beti oroitzen bizi ez dut nahi,
edo tamalez hondamenera gabiltzala,
gizakume murritza naizela badakit
eta ezin naiz etengabe
izan ohi ditudan ezbeharrak
behin eta berriz gogoratzen bizi
eta nahigabeen ahanzturaren alde
zer edo zer egin behar dut
neure burua eta denbora
nolabait engainatzen,
neure sentimenduak eraldatzen,
mozorrotzen, itxura egiten,
eta horrela ere behin betiko
ahanzturaren kontra egin,
neure bizitzaren kondakizun propioa
egunero moldatu, apaindu, asmatuz,
alegia, bazen behin...
© Joakin Balentzia