Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
PATUAREN INTSEKTUAK
(1991)
JAIOTERRI
(1991)
ERORI DA ERREZELA
(1998)
EGUN BATEZ
Joan Mari Irigoien , 1975
Egun batez,
ardi bat bezala,
joera bakar
eta
itsu batean
bideratu nindutelako,
horregatik agian...
Egun batez
askatasunaren hegalak
ebaki zizkidatela
konturatu nintzelako,
horregatik agian...
Egun batez
ostadar batean
kolore desberdinezko
zazpi arku
bereizten
ikasi nuelako,
horregatik agian...,
jasangaitz eta aspergarri
egiten zaizkit
kolore bateko bideak.
Hamaika bide hasiak,
hamaika bider hautsiak,
beste
hamaika
bide
berri
hasteko...,
mundua aberri duen
erromes galdua
iduri.
Izan ere,
askatasunaren izenean
ni neu naiz
neure bizitzaren lemazaina
eta
muga bakarra jarri diot
ene jokabideari:
maitasunaren
muga gabeko muga...
Iluna da bizitza,
baina
edozein
gizon-emakumeren bizitza
alferrikakoa ez dela
dakidalako...,
aurrera jarraituko dut,
esperantzaz,
ene bide gabeko bidean...
© Joan Mari Irigoien