Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
EGUN BATEZ
(1975)
PATUAREN INTSEKTUAK
(1991)
ERORI DA ERREZELA
(1998)
JAIOTERRI
Joan Mari Irigoien , 1991
Haizeak eraman zuen haurtzaroko jauregia
eta oroimenaren gelak ere husten hasiak zaizkizu.
(Mendeen hautsa kulunka
zokoetako amaraun poligonaletan).
Bizitza airean desegiten den kea da,
udazkenaren balkoitik dakusazun desolazioaren paisaia.
Baina ametsak
ezerezaren lurretan aurkitu zuen bere gorputza
eta zuk ere
zerbait solidoa eraiki nahi zenuke
zeure oroit-hondakinen gainean.
Maiatzeko kilkerrak
erloju bat zuen bere elitroetan
eta handik isurtzen zituen eternidadeak tantaka bere segundoak,
—basaliliak eta sekulabelarrak perfumatutakoak—,
oihanaren harrabotsetan gaindi.
Enarek eta irrigoek espazioa gezikatzen zuten
argiaren galsoroetan
eta haltzak zaintzen zuen erreka
etxeko neskatxa zen,
uraren gorputz higaezina.
Haurtzaroaren jauregian
ez zegoen ezer ulertu beharrik,
usainduz ulertzen baitzenuen mundua,
arrosak eta krabelinak.
Eta loreak zerizkion haurtzaroko udaberri joriari,
loreak eta loreak,
haragi errugabearen eremuetan
gladiolo gorriak dardar.
Apirilak erbesteratutako usoak
atzera ekartzen zizkizun urriak
eta haien joan-etorrietan ez zen ezer galtzen
mugimenduaren ibai guztiek
eternidadearen ozeano geldia baitzuten helmuga.
Baina iragan zibilizazioetan bezala,
haizeak eta denborak
zure betiko tenpluak ezabatu ditu,
hegazti hegal-beltzek bete dute zeruaren urdina
eta bakardadeak habitatzen ditu orain
arkitekturaren eskeletoak,
husgune bat hemen, husgune bat han.
Astunak dira
aire itoaren berunaz
eginak dauden
husgune horiek
eta denborari espazioaren ahidura dario.
Horrelako hondamenaren aurrean
haurtzaroko begiak berreskuratu nahiko dituzu
eta begion prisma optikoek eragindako inbertsioan
haragi hilezkorrez jantziko duzu
iragan errautsiaren hezurdura,
ilunabarreko zerua kobalto-urdinez,
eternidadez mugagabetuko denboraren iheskortasuna.
Eta azkenean ez duzu jakingo
zuk mundua asmatu duzun
ala munduak zu.
© Joan Mari Irigoien