Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
ILHUNABARREZ
(1950)
EUSKALDUN ZINTZOEN BALADA
(1950)
BEHIN BATEZ, ZUBEROAN...
(1951)
PIGALLE
(1951)
ZAKHUR HIL BATI
(1952)
LILI BAT
(1953)
OIANONE
(1953)
AMSTERDAMEKO ORHOITZAPEN BAT
(1959)
TXORIONTASUN
(1961)
PARIS-BEURET
Jon Mirande , 1951
Parisko kale batean
etxe zikinen artean
bat dago zikinagoa,
iluntzen baidit gogoa
aren aipatzeak berak,
an bertan dut lan egiten
axotez beztuz paperak.
Seiak jo arte ezin erten
aspertzen naiz, lor betean,
büro zikintsu batean.
Nire lankide bikainak
ditut adixkide minak;
goizero agurtzen naute
ixilik, bai naute maite
nola deabruak Jainkoa.
Ari dira, bele antzo
—koa, koa, koa, koa—
bestengatik gaizki mintzo:
bizkor dituzte mingainak
nere lankide bikainak.
Goizian goizik jaiki-ta
lanera noa... erresta...
biotza jartzen zait makal
salan sartzean aldikal
entzuten ditudanean
atso txar guziak oro
besteen jorratzen lanean,
aotik izuriz iro;
ez dute uzten izketa
goizean goizik asi-ta.
Büroko emakumeak
lodiak, orobat meak,
danak dirade itsusi.
Nornai joan leike igesi
aiengandikan, al balu...
Nik aiekin egon bear
—orrek dit egiten dolu
orko ordu luzeak zear—
nik, eusko aitor-semeak!
Oi, debru emakumeak!!
Maiz zeruari so nago
naiz arek mindutzenago
nauan, konturatu-ala
or egon bear dudala.
Bainan, minak uxatzeko,
asten naiz idazten neurtitz,
euskal neurtitz eder asko,
—neuk dudan bezela gogo—:
seiak arte ortan nago.
Orrela, büro batean
atso iztunen artean,
pasatzen ditut orenak,
pasatzen ditut egunak,
iluntzen baidit gogoa
aien aipatzeak berak.
Gero-ta zoroagoa,
axotez beztuz paperak
Beuret-ko büro maitean
Parisko kale batean...
© Jon Mirande