Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
IZAZU NITZAZ KUPIDA
(XIX. mendea)
HOBE SARTZEA SOLDADU
(XIX. mendea)
APAIZAREN KANTAK
(XIX. mendea)
POBREAREN SUERTEA
(XIX. mendea)
KONTZEZIRENTZAT
(XIX. mendea)
BETI ZUTZAZ PENTSATZEN
Indalezio Bizkarrondo, Bilintx , 1868
Dama gazte bat ezagutzen det dirudiena izarra,
eguzkiari kopetetikan saltatutako txingarra;
bihotz nerean hala piztu du amodiozko sugarra,
nola mendian piztu lezaken tximistak arbol igarra.
Beti gogoan zauzkatan dama izarra dirudiena,
eguzkiaren beharrik gabe argi egiten dezuna;
berdin gabeko amodioa sentiarazten nazuna,
aditzera ezin eman liteke dizutan maitetasuna.
Nere begiak beren aurrean ikusten ez bazaituzte,
gixaraxuak eta bihotza egoten dira txit triste;
sinista zazu mundu guztian ez dala inor ni beste,
zu maitatzeko kapaz danikan merezi dezun hainbeste.
Gau eder alai haietako bat gertatutzen dan orduan,
izarrak diz-diz egiten dute zeruko urdin puruan;
diferentzirik batere gabe, zuk nere pensamentuan
diz-diz halaxen egiten dezu nola izarrak zeruan.
Ia gozoa izango al dan, enamoraturik dana,
ama on batek haur maiteari ematen dion laztana?
Halare bada beste gauza bat askoz gozoago dana:
zureganako amodioa nere bihotzak daukana.
Nork idukiko zaitu nik bezin ixtimazio haundian,
animatikan maite bazaitut erotutzeko zorian?
Amodiozko naitasunakin gorderik erdi-erdian,
bihotz nerean hala zaukazkit nola ninia begian.
Bost urte diran ez dakit baino behinepehin badirade lau,
faltatu gabe nere oroitzan zaudela egun eta gau;
zu itsumenez maitatutzeko zeruak sinalatu nau,
ahalik lehenena premia zazu egiazko nahitasun hau.
© Indalezio Bizkarrondo, Bilintx