Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
ILHUNABARREZ
(1950)
EUSKALDUN ZINTZOEN BALADA
(1950)
PARIS-BEURET
(1951)
BEHIN BATEZ, ZUBEROAN...
(1951)
PIGALLE
(1951)
ZAKHUR HIL BATI
(1952)
LILI BAT
(1953)
AMSTERDAMEKO ORHOITZAPEN BAT
(1959)
TXORIONTASUN
(1961)
OIANONE
Jon Mirande , 1953
Gelan sarthu ginenean
gauerditan, ilhunean,
mundua egin zan mutu...
Zuten izarrek kantatu
biok etzan ginenean.
Oianone! Oianone!
Gau hunetan zaitut ene;
larru legun eta zuri,
bulhar samur, sabel guri,
nire neska Oianone.
Ezti bakhanez bethea
zure matxantto maitea
urtzen zan ene ahora,
zabalik lore antzora
eta gozokiz bethea.
Zure baratzeko borthan
arrotz batek jo du. Bertan
sarbidea emaiozu
zama bat baitakhar pisu,
ez dezazula utz borthan!
Gauko oihanetan lasterka
zure gainean zaldizka,
behor zalhu eta bizkor,
gau-bideetan gaindi, mozkor
ba naramazu lasterka.
Ezpain likhits, esku lizun,
atseginetan jakintsun
bulharretik belhaunera
haragi biok ikhara,
jauzten zaitut, neska lizun!
Hiltzen naizela dirudi:
batetan mila su-ziri
ene burmuinetan sarthu...
Botz-uhinak uzten gaitu
hilik garela irudi.
Egin du irri Ilhargiak;
hesten zaizkiola begiak
neskatilak erraiten dau
esker onean othoitz haur,
dantzularik ilhargiak:
«Gora izan hadi, Suge,
hi haizenik ene Rege,
hi haizenik ene Jainko
gau huntan eta bethiko,
urrhe-buztaneko Suge!
Hathorkit berriz laztanik;
janhari gozo badut nik
ene baratzean are
ezti gehiagorik Hire,
bil ezak berriz laztanik.»
Suge laztana nekhatu
zan, ordea... loak hartu...
ezti-loreetan etzanda
atseden hartzen ari da,
gaixoa baita nekhatu.
Ene maitea, moxu bat
has dezantzat bertze hainbat!
Sugea baitatza lotan,
indarren bihurtzekotan
oi!, emaiozu moxu bat...
© Jon Mirande