Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
ILHUNABARREZ
(1950)
EUSKALDUN ZINTZOEN BALADA
(1950)
PARIS-BEURET
(1951)
BEHIN BATEZ, ZUBEROAN...
(1951)
PIGALLE
(1951)
ZAKHUR HIL BATI
(1952)
LILI BAT
(1953)
OIANONE
(1953)
AMSTERDAMEKO ORHOITZAPEN BAT
(1959)
TXORIONTASUN
Jon Mirande , 1961
Egun batez nuelarik
Biotza txit gaixoa
Edanikan geiegitxo
Eusko ardo goxoa,
Entzun nuen oianean
Kantuz eusko xoxoa.
Pino baten adar puntan,
Pino sendo, jasoa,
Jarria zen, ta nik hara
Eman nuen pausoa
Hurbildikan entzutekotz
Kantan eusko xoxoa.
Euskaraz zuen kantatzen
Bere txori bertsoa,
Goraipatuz Lege Zarrak
Ta jainkoa, zintzoa
Baitzen pino hartan kantuz
Zegon eusko zozoa. ..
Esan nion: «Ulertzen dut
Nekez zure mintzoa,
Hain delakotz jori, landu,
Sakon eta jasoa,
Bainan eder duzu botza,
Goitar eusko zozoa!
Txoritxoa, gaua da ta
Iluna da basoa,
Ez al duzu beldurrikan?
Oi! baletor otsoa?»
—«Jaunaz beste, deusen beldur
Ez da eusko zozoa.»
Esan nion: «Nor da ote
Zure jabe, xoxoa?»
Hark: «Euskotar andrauren bat
—Ez zatar ez atsoa—
Eder, gazte. .Izena du
Euskolastikatxoa.
Esan nion: «Biotza dut
Eroria, lazoa...
Zure kantak al baleza
Berriz ezar jasoa!
Nai zaitut bai musuz bete.
Zato eusko-zozoa.
Estu nuen eni kontra
Txori polit gaixoa,
Eman nion egatxetan
musu bero gozoa
Eta nere poz negarrez
Busti nuen xoxoa.
Esan nion: «Entzutekotz
Zure kanta gozoa
Beste pino baten ondo
Zai da nere auzoa,
Harengana orain zoaz
Arin, eusko zozoa!»
Egatu zuen pinoz pino
Poztuz oian osoa,
Zeruraino jaikia zen
Eusko-pino-basoa...
Eta pino bakoitzean
Egondu zen xoxoa.
© Jon Mirande