A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

AS TIME GOES BYE
      (1991)

ENE ERRESUMA
      (1991)

IRLA HAN DA
      (1991)

  literaturaren zubitegia  

 

BERTSO BERRIAK,
XENPELARREN «BETROIARENAK» DOINUAN
PROPIO JARRIAK

        Joxerra Garzia , 1991

 

 

Antzina tximu ginen kontuak atera

ez da nolanahikoa gure karrera.

Gaur ez gabiltz arbaso xaxtarren antzera

zuhaitzetan bilutsik gora eta behera

tximuen aldera

gutxigorabehera

jakintsu ba gera

hauxe da galdera:

meritua norena

izan ote da?

 

Nonahi bada zikina nonahi zalaparta

zenbat dezibelio zenbat zarata.

Itsas-lurrak bortxatu ditugu indarka

Natura suntsitzeko da giza enbata

bagoaz baldarka

geroko lagata

herentzian kaka.

Guinness liburuan guk

kirtenen marka.

 

Inora ez heltzea ahal denik azkarren

horra aurrerapenak zer on dakarren.

Inork ez du izan nahi ezertan bigarren

horretxek uzten digu hamaika aztarren

arima pozarren

saltzen dugun arren

fama lortzearren

esaidazu, arren,

ez al da zorionik

eza nabarmen?

 

Herri bat izateak nahiz ez izutu gu

pasatzekoak gara mila apuru.

Politiko gehienak profeta ta guru

telebistatik mintzo somatzen ditugu

badugu aburu

hainbeste sailburu

zerua seguru

izango al dugu?

agintzen zaigu baina

gero tururu!

 

Odolez ongarritu nahi dugu baratza

geronen kalterako geure bengantza.

Horretan badaukagu zapelaitzen antza

baina aurki emango dugu azken hatsa

hauxe da triskantza

hil da esperantza

Euskadiko martxa

ez da, gero, txantxa...

herri bat izan zena

hementxe datza.

 

© Joxerra Garzia    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko