EZ DA INPORTANTEA
Josu Zabaleta , 1969
Udaberri arratsaldean
euri-ondoren
arkaitzak
eta malkarretako pago berdeak
denak serio ta garbi
diren bezela.
Pentsatzen ari naiz
—Igande arratsaldean bakarti—
gizonak ez dakiela
bere maiteak utzi duenentz
edo hortik zehar joan dela
edota penaz dagoen ere.
Bakarti dabil
bere ibil-bidetik;
Igande arratsaldean
—besteak—
ez daki
zeini agurrik egin
edo kotxea nun utzi.
Kotxean dabil,
edo bere oinetik,
kalean ez dago gauza berririk,
kamiņotan ere ez
kamiņoa besterik;
errekatan betiko ura;
ez dago inun ezer konpondu beharrik.
Udaberriko
Igande arratsalde bustia
serio dago,
inun karraxirik gabe,
espanturik egiteke,
gizon bat paseatzen utzita,
gizon bat, nunnahitik.
Udaberriak ez du jarri
Igande arratsaldean ezer diferenterik.
Maitea zuenean,
halare,
helduta joaten ziren
hortik zehar;
jostunetan zer egiten zuten,
edo ofizinan,
—ez dakizu nola maite zaitudan,
ene bihotzeko erregina—
fabrikako kontuak
edo haizea dabilenean
zigarroak nola
piztu behar diren,
—zure ama ez dut gaur ikusi—;
futbolean ere
egondu ziren behin.
Ez dire akordatzen
ezagutzen dutela jenderik
horrela sekula mintzatu ez denik.
Eta gizona hor dabil,
bakarti,
eta ez da akordatzen
ezagutzen duela jenderik
—bakarti—
horrela sekula mintzatu ez denik.
Udaberri arratsaldean
euri-ondoren
arkaitzak
eta malkarretako pago berdeak
denak serio ta garbi
diren bezela.
© Josu Zabaleta