Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
PAGOA GELDI DAGO
(1961)
SUAK ERREKO EZ BALU
(1966)
MANIFESTU ATZERATUA
(1968)
NIRE LURRA, NIRE ANAIAK, NIRE AMETSAK
Joxe Azurmendi , 1965
Nire lurra, nire anaiak,
ametsak nireak. Urteen zalapartan
orok galdu zuen
niretasunaren poza.
Ez ote nuen aski neure buruarekin
besteengatik arduratzeko?
Nire ez zen edozein bide batetan
sartu nintzen.
Denok ahaztu zintuztedan
oroimena huts
gauaren mugan eseri nintzenean.
Non gaudenezko gabe gabiltza-eta.
Errukiz eta isekaz ikusten nituen
handik ametsak, anaiak
lurra, gaztaroaren zoroaldiko
urruntasunetan lausoturik.
Lagunduko ezin badut
zertako gelditu inor entzutera?
Gauden bakean zentzunik ez duenari
erantzun eske joan barik.
Pipa honi kea dario
zergatikorik batere gabe.
Galdetu baino hobe itzali
edo trankil-trankil erre...
Ez ote da gehiegi
norbera zaintzea?
Goizaldean egunaren leihoa
edegirik, itzartu naizenean
hotzak gogor nengoen.
Ez dut oinazearen ibaia sentitzen
nire lurraren samin errerik
ez nire anaien goserik.
Baina badirudi mespreziatzen nauela
izadi osoak. Badirudi
oroimena baino
hutsagoa dudala bihotza,
ez dakitela nora joan oinok.
Badirudi galdu egin naizela
eta ez nindoan inora.
Baina atzera abiatuko naiz
gaztetako bihotzaren bila:
nire lurra, nire anaiak
nire ametsak.
Eta egia da erantzunik ez dudala,
beharbada egon ez baitago.
Baina nire poesian galdezka daude
berriro nire ametsak
nire anaiak, nire lurra.
© Joxe Azurmendi