Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
ADIBIDEZ
(1983)
AUTOCOLLANT
(1983)
DETAILEAK
(1983)
ENE
(1983)
B.4
(poema erotikoa)
(2005)
GOIZEAN GOIZIK... (KANTUA)
(2005)
ZATI
(2005)
KANTUAN
(2005)
AUTOBIDEAN (AI) LANGARRA
(2. bertsioa)
Joxean Muņoz , 2005
Zoru bustian harramazka
biltegi abandonatuen
sasi arteko eztanda mutuak
garamatza
bizkorregi
nora ez dakit,
ez dut begirik
ez bada zure adatsaren arrats beltzerako.
Ekaitza ere zuri buruz
ari da mehatxu
beltzean: senboraren hondamenari,
etxalde aurkirik gabeen, baratz
kutsatuen, mendiaren orlegi ohiaren
eta garamatzan auto honen
beraren eza-
batu beharrari,
trumoiek egindako sehaska kanta
dirudi.
Bidearen eztarri beltzean
barrena goaz
esanahirik gabeko hitzak
asmatzen, hitz
hutsalak
tentuz
bazpare.
Mututurik.
Oinaze egoskorren lubakietatik
mugitu ezinik.
Atzera egin ezinak nauka geldirik.
Zure amodioaren lurrun
urrunak menpeko
harturik.
Zigarro bana piztu
dugu. Etena e
karri du tunelak
berriro,
begira:
(orain,
ilunean
haztamuka)
entzun:
zure zigarroaren keak nauka lotuta
zure ispiluen ifrentzu
itsua naiz.
Erre
egin zait zigarroa atzaparretan.
Nahiago erre hori.
Nago.
Nigana ez begiratzeko atera dituzun aitzakiei kontu
egiten. Ile zorabiatuak
bere onera ekartzeko keinuak
zelatatzen:
(itzulpenak nireak dira):
Aurrelari ditut zure atzak;
Jarrai nakien iradokitzen dute.
Baina ez ditut jada iluneko itzulpenak sinisten.
Zigarrokin piztuen errea daukat sabelean.
Antzinako oinazeak zuri begira jarriak,
aiduru
zoru bustian labainka
mutu, itsu
eta zoratzen,
eztandaz loratutako lilura posibleen presak
zugana
nara
mala.
© Joxean Muņoz