DOMINGO KANBOARRAREN KANTUAK
Domingo Kanboarra , 1842
Mila zortziehun 'ta berroita biarrena,
Bertsu berri paratzen hasi naizena:
Gezurrik erraiteak emaiten daut pena,
Bainan nik erranen dut gauza hala dena:
Kanboko arraintzan
Gertatu zaiena,
Hura zen orena!
Xalanta hondaturik izan dutena.
Kanboarrak dituzte marinelak deitzen,
Untziaren galtzeak ez ditu lotsatzen;
Kuraie handirekin berriz dira lotzen,
Beren sare handitan arrain arrapatzen:
Lantzu ederra zen,
Izokina nun zen
Beitzuten senditzen,
Lehen sare kolpean atxemana zen.
Atera nahi zuten izokin zaharra,
Ongi baliatu da hekien indarra;
Guziak kontent ziren, irri eta farra,
Ustez barnean zuten arrain bat ederra:
Tira, jaunak, tira,
Ez bide da txarra,
Ez eta meharra...
Gero, izokintzat... Domingo Kanboarra.
Atera zutenean orok ikusteko,
Arrain zangoduna zer zen jakiteko;
Kontseilu egin zuten bizirik uzteko,
Berriz libra zezaten umen egiteko:
Egiten ez baitik
Heldu den urteko,
Etzaiok faltako,
Merke edo kario dugu salduko.
Gizonak ez du behar sobera bantatu
Ez eta aintzinetik egin espantu:
Domingo Kanboarrari zer zaion gertatu
Uraren erdian da leporaino sarthu.
Eskuak hedatu,
Laguntza galdatu,
Bertzek ateratu...
Bere malur guziak urean ditu.
© Domingo Kanboarra