MERETRIZ HILA
Juan Mari Lekuona , 1966
Ile horiko eme oparo:
gure gurariz hilik hago.
Hilotza:
ostu dinagu bihotza!
Ikusi haugu biluts-bilutsean,
larru lotsean,
eme giroko bipil hutsean.
Gaur gorputz datzan,
mila begien izormen latzan,
nahi iastakorrak duen baratzan...
Ederra hintzen
eta ezin ezkuta;
jarri beharra denen eskuta.
Hire ez hintzen; ez hintzen jabe.
Ezin gelditu eskaini gabe
orori.
Denen sareetan behar erori!
Diru truke
baliosa hintzena merke.
Sabel beteak galtzen din lotsa.
Diruak harri-bihur bihotza.
Maite-eza den odolustu hauen
labana zorrotza.
Ederrak hau din hamarren:
ororentzat izan aurren,
hiretzako hurren,
gain eta barren.
Gogaikarria sentitu den nazka.
Ezin inola estura hau aska.
Ezin iritsi:
Enpo albokan gozamen gutxi.
Hil-zorian guk jarri haugu
mila loxintxa, mila balaku.
Nazkatu haiz eta
kendu dun bizia.
Pastilak irentsi, ahaztu guztia.
Erabaki dun hire auzia...
Hartu dun betiko egun luzia!
Eme oparo:
guk eraginda hilik hago.
Meretriz opari triste.
Ez hintzen haurdun;
guztiekiko bidean jardun...
Egigun barka.
Nire bihotza dun deiadarka.
Meretriz hila:
Hiretzat dinat otoitz isila:
—«Betoz zeruko birjinen sailak
gaur hire bila!».
© Juan Mari Lekuona