Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
UBEL
(1955)
MERETRIZ HILA
(1966)
LURRA NIGAN
(1972)
LARRAZKEN
(1990)
PORLANDI
Juan Mari Lekuona , 1966
Errai gabeko lur gogor, antzu,
zementukiko zolera.
Harkaitza bezain tinko gerora;
aurretik, biguin
buztinaren arabera...
Porlandi sorra:
pozik dagiot nire aitorra,
ogi-bidean pobreentzako
bera baidugu lur emankorra.
Ez dut ikusten
gauean izarrik,
egunez belarrik.
Nire barrutia,
inguru hesia,
zementuzkoa dut bakarrik.
Zementuz eginak
etxea, atari;
zementuz galtzara,
zementuz sorterri.
Bizikera berri.
Zementu-herrian
ez dago habiarik,
ibai ustelean arrainik,
udazken pausoan usorik...
Baina utz dezadan
artzain bizitza ezti,
baserri birako
bakezko barruti.
Mindura berrian
kanta nahi dut beti.
Min dut egiazki.
Baina hobe dugu
gauza asko galtzea
eta ez pobreak
goseak hiltzea.
Min dut egiaz utzi beharra
baserria...
Artaldeari labana sartu.
Atzen pagoak orpotik moztu.
Etxeko tresnak erre edo saldu.
Arbaso zaharren sua itzaldu.
Ategaineko sarraila nagia
herdoiltzen utzi...
Iturria jan osinak,
huntzak horma zahar berdinak.
Gurdibideak urak ebaki...
Mindura hau zer den
pasa zaionak bakarrak daki!
Gero herrira,
habia berrira.
Nola onartu nago begira.
Maitasunezko uztea dut
baserriari agurra.
Bihotzetik onetsi nahi dut
zementuzko lurra.
Ez dut ukatzen galera dela;
badu, ordea, etekin.
Baserritik gutxi dira
bizimodua dutenak;
eta hemen bizi,
ahal den ondoen
bizi behar dugu denak.
Buka dadila egoitz tristea:
gizonak lan jakinik gabe;
umeak ezin jarri eskolaren jabe;
sendakuntzak nahi eta, —gogor da hau ere—,
huri handiz kanpo, non daude?
Bedeinkatzen dut
porlandiak duen galera.
Izadiaren aberastasun
hori galtzea hobe da;
eta gehienak iritsi bitez
giza-neurriz bizitzera.
Utziko ditut baserria eta
nentorke dena uztera,
utzi agian euskara;
baina irits bitez,
pobre guztiak
eguneroko ogia izatera.
Min dut gauza asko utzi beharra.
Baina hau dago bide bakarra
maitaleek etxe bat lortzeko,
gure umetxoak zaldun bihurtzeko,
danontzat zer-jana sortzeko.
Porlandi-hesiak duen zigorra:
txoriak kaioletan,
loreak ontzietan,
jan-gauzak potoetan.
Baina infernura zenbait edergailu
pobreen lepoa estutuko balu.
Zenbait bizikera nik ezin inola
onetsi,
gutxiren onean pobreek odola
behar baluteke utzi.
Deabruarentzat guztia!
Betor zementua.
Gauean ez dut izarrik,
egunez belarrik;
baina pobreak,
hain sail luzeak,
horrela bakarrik
giza-neurritan litezke bizi!
© Juan Mari Lekuona