Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
UBEL
(1955)
MERETRIZ HILA
(1966)
PORLANDI
(1966)
LURRA NIGAN
(1972)
LARRAZKEN
Juan Mari Lekuona , 1990
Zuhaitzak biluzik orbelen ehorzketan.
Paseko hegaztiek —eraskotako gezi-burrundez—
imandu zuten transumantziaren orratza,
erriberantzetako irrika zainetan burbuilatuz.
Larreko seme-alabak —abelbideetan
barrena— ibai epelaren kalostroetara.
Udazkenak hona ezarri bere eko-
-susmoa. Bustia du arau: lur usaina,
lanbroen zurbila, haizearen eskala
kromatikoa. Itsasoaren tailerretako ederkera.
Elurra ehule bortuetan: mihisak
zabaltzen ari ifarreko oreina
zuriari, gorostizko leran ekar
dezan, negu-lorearen opaloa.
Erosta-aire bat edonon. Paisaiako
ikatzetan. Eguzkiaren errepidea ardatz
duten tumuluetan. Bixkarrez-bixkar atondu-
tako lur harrotuen katafalko nabarskan.
Eta harkaitzetan —iraupenak sorturiko gogoz—
hil-kamerako atseden megalitikoa. Loa.
© Juan Mari Lekuona