Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
ITAUN LUZEAK
(1989)
BADAEZPADA
(2001)
DOSIA
(2003)
EROSI MAPA
(2009)
KITATZEKO TENOREA
(2009)
HEROIAREN BORONDATEA
(2009)
DENA ERRAZA ZEN GARAIAN
(2009)
ZENBAIT DELITU
(2009)
POETAK ZIRELA
Juanra Madariaga , 1996
Eta gero itzuli ziren gerlariak bidaia luzeetarik,
deus ekarri barik, deus jakin batik, lekat eta flakatuago
eta zaharkituago zetozela.
Ibiliriko herrien mirakuluak guztien ahotan zebiltzan,
hango paisaiak eta elezaharrak.
Erran zuten erleek hostokatzen zituztela loreak maitemindurik baileuden,
polenarekin gaztelu horiak eraikitzen zituzten artean.
Eta saiak arratoi zaharren hegazkinak zirela,
hil-etsian daudelarik familia ikusi nahi baitute azkenengoz.
Mendiak han ere xurituta zeudela baina elurrez ezezik
azukrez ere bai, eta gailurretarik jausiz geroz ezinezkoa zela pastel bat ez egitea.
Bertako zaharrek ezagutzen zutela munduaren jaiotzea,
hantxe baitzeuden eserita mundua apenas pilota ttipi bat bezalakoa zenean.
Neguko gau hotzetan ikus zitekeela nola zeruko izarren
begietatik elur malutak jausten ziren mara-mara,
umeak ahoarekin hartzen saiatzen ziren artean.
Baina harrigarriena, ez zekitela zer ziren malkoak
zertarako bailo zuen tristurak, non zegoen infinitoa,
noiz asmatu zen heriotza eta zer zen noraeza.
Erran zuten arerioa leku orotan fineziosa izan zela,
jukutria ederrez engainatu baitzuen gure armada.
Erran zuten ele xarmangarriak ilkitzen zirela halen
ezpainetatik, bihotz oneko poetak zirela.
Harrezkero zer diren malkoak, non dagoen infinitoa
eta horrelako gauzak baino ez dituzte galdetzen
erabat erotu ez diren gure gerlariek.
© Juanra Madariaga