A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

 

SARAKO ANDREGEIA

        Edmond Guibert , 1869

 

 

Gauerdi da herriko orenean,

Nihon ez da argirik lurrean,

Ez ditake mendian adi deusik

Haizearen harrabotsa baizik.

 

Jautsia da loa begietarat.

Xoil Sarako neskatxa gazte bat,

Bere leihoan, gau hura bezen triste,

Atzarria zagon ordu arte.

 

Zazpi negu iraganak jadanik,

Goanez geroz maitea herritik,

Eta huna urte bat Mariari

Ez diola berririk egorri.

 

Idortean lorea laster histen,

Tristezian Maria hiratzen,

Ezpainetan ja hil zaio irria,

Begia du nigarrez bustia.

 

Urso batek galduz geroz laguna,

Kantetzeaz eztitzen du pena,

Andregeiak gauazko haizeari,

Minki dio kantu hau egorri:

 

«Goan zenean oraino haurra nintzen,

Anaia bat Joanes neretzat zen.

Erestun hau, aitamen aintzinean,

Eman zautan adios erraitean.

 

Orduz geroz maiz egiten dut nigar,

Hain eder zen, hain zalu, hain azkar!

Ez zuen hark mendietan parerik...

Non ote da? Nik ez dut berririk.

 

Bihotza daut ikara batek hartzen:

Maitea hil beldur naiz ote den,

Nere ama hiltzen ikusi dut iaz,

Zorikaitzak gabetu nau aitaz.

 

Gelditu naiz nere amasorekin,

Sustengatzen gare elkarrekin,

Nik gidatzen ditut haren urratsak,

Hark xukatzen daizt nere nigarrak.

 

Ezartzen tut esperantza Jaunean

Indarra dut hartzen otoitzean,

Bainan ez da neretzat sosegurik,

Maitearen ez baitut berririk».

 

Kolpez bortan jotzen du esku batek...

Boz batek dio: Idek azu, idek...

Andregeia, boz hau ezagutzean,

Xutitzen da ikara zainetan.

 

Amaso, zuk, idek azu atea...

Mariaren han zagon maitea!

Oi, Jaun ona! zaren bedeikatua,

Gur' auhenak dituzu aditu.

 

Iduzkia agertzen da mendian,

Mari' orai ez da tristezian:

Elizako eskilek bozki jotzen,

Andregeia egun da ezkontzen!

 

© Edmond Guibert    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko