Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
KANTARI
(1954)
ITXAROPEN ARGI-PRINTZAK
(1959)
DENA JOKATU NAHIRIK
(1964)
MUNDU ZABALERA BEGIRA
Juan San Martin , 1968
Ni, niregandik
gure herriarekin,
mundu zabalera.
Munduaren izate orokorrean,
gizonei zein herriei,
bizi beharra
uka ezinezko zaie.
Nik ez dut aurkitzen
munduan aldatza besterik.
Aldatza eta aldatza,
itxaropenik ez dakarren
mendiko sermoian.
Aldatz latza eta
garratza nekean,
aldatzen ez diren aldatzak
hiletazorian.
Bidez nekaturik nator,
gizonek sufritzen duten
herrialde baten bide malkartsuetatik.
Gogo-garra hilzorian duen
lurraldetik eta
besteoi anaikiro eskua luzatuz
estutu nahirik,
zuon gogoaren eskua...
Gauera nekaturik heltzen naizenean,
atsedenaren bila,
deskantsurik gabe entzuten dut
besteon zurmurra:
Ez nago lokarturik, ez dut loak hartzerik,
ez dut behar... nire zoria
bestek erabakitzen duten artean,
gizonon zoria.
Aurpegi nekatu asko nire inguruan.
Izerdi gehiegi nabari urdail husdunetan.
Denboren lorrindua.
Herririk makaleenetan,
gurasoek ere goseari hozka dihardute
ebatsi zizkioten lurretan.
Egoera tristea guziontzat.
Baina, begira daude, begira,
profeta berriak,
gogoz piztuz
edonongo herriak.
Mezuz eskainiz
iratzarkuntzak,
laster zaurietatik sortuko diren
bizibide berrikuntzak.
Geroari begira,
susmatu eta miretsi.
Etorkizunik ez etsi,
elkartasunera iritsi,
libertatezko zori hobea
badela sinetsi.
Guzion gaurko beharra
anaitasunez indarra,
denok batean piztu dezagun
itxaropen garra.
Behartutako etorkizunik ezin dut onartu.
Zure mintzoa nire mintzo egingo dut,
anaitasun mintzoa,
jauntxoen ikaragarri.
Eta, oihu! hiletsirik dagoen herrialdetik.
Hazi mingotsak, espero dudanez,
bihar hobeago bat
loratuko duten lurrean.
Segi zure zurmurra, ahaztutzera utzi gabe.
Zurrumurruz beti uztarpeturik dagoen gizonari:
Ez nago lo, ez dut loak hartzerik,
ez dut behar..
Hiletsirik dagoen herritik
berrituko dut zure oihartzuna,
hiletsian biziz dagoen herri hau
gar makal batetik
ernetzen hasiko dena.
Guk, gure Euskal Herri,
arrazoirik aunitz dugu
guti izanarren.
© Juan San Martin