A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

  literaturaren zubitegia  

 

JOXERRA AGIRREK HIES FROGAK EGITERA JOAN ZENEAN

        Juanjo Olasagarre , 2000

 

 

Nire bizitza itxarongela hau bezalakoa da.

Aurpegiak goiztiri hutsak bailiren

erdiko mahaian erreparatu dute

edo leihotik harantzagoko itxurak egin,

baina ezinegonak, hanken taka-takak,

agerian utzi du: txandaren atezuan daude

denborarekin dinbi-danba, zorteari erreguka.

 

Euki egin behar zaio txanda ailegatzean.

Altxa eta ateaz harantzago desagertu

esperantza eskuetan. Borondatea. Patua.

Baina aurretik prestatu beharra dago,

esanen dena entseatu, makurrenerako ere

indarrak bildu. Makurrena?

Pentsatzea ere zorigaitzari berari deitzea da!

 

Aldizkariek bizitzaz dihardute,

eguzkiak errainu dagi baldosa gainean,

lapurretan harrapatu baikintuzteneko keinuak

ez du, baina, atarramentu onik iradokitzen.

Bizi izoztuak... Dena zuria bada ere,

odolaren gorria neurtzen da hemen.

 

Malditismoari uko egiteko aginduen leloek

hortxe diraute, oraindik, ninietako izuetan.

Konplizitatea. Gauden guztiok erakunde sekretu

eta bekatari antzeko baten partaide gara,

gure heriotza, aholkatuaz kontrako

egite baten ondorioz suerta daiteke,

zenbaki eta taulek agin dezakete noiz,

birusak erabaki nola, baina,

gertatuko da, gertatuko denez,

nahiz eta hemengo denok ez jakinarena egin:

hiltzea denoi dagokigun neurrian

inori ez dagokiola uste baitaiteke.

 

Bati hots egiten diotenean soilik

zartatzen da isiltasuna. Ezpainetako

dardarak, hanken makalaldiak,

besteen begien arreta axolagabe antza

eta antsiatuak aurresan egin du

ate horretaz harantz datorkeena.

 

Bizitza itxarongela bat da

Aber, mesedez Jose Ramon Agirre...

Baina bizitza berarena.

 

© Juanjo Olasagarre    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko