NIK ERE
Karlos Zabala , 1994
Nik ere idatz ditzaket
bertsorik itunenak
gau honetan
Txori bat neguan guztiz hoztuta
habia bati arrimatu eta
berarentzat tokirik ez duela ediren
esan dezaket
Orhi mendian ekhia bero!
Enrico Carusok Tosca-ren aria bat kantatu du
New York-eko diruetxe batean
sinadura ez baitio ezagutu
leihatilako kutxazainak
Eta Natalia judua zinc-izarra izan nahi zuena
gas kamaran ito dute.
Haren heriotzea gordetzen duen filmea
bart jarri dute Israelgo telebistan
Txakur handiz erosten ahal diren koilareak
gezurrezko perlez eginak dira
orkatileetan, eskumuturretan, perlak
gezurrezko perlak, gerrian, lepoan
Bertsorik itunenak
idatz ditzaket
gau honetan
nik ere
Habian tokirik ediren ez eta
hotzak hil duen txoriari
eskain diezaioket kanta bat,
konparazio batera,
Oihenartek ez baitzuen egin.
© Karlos Zabala