ARGI BILA
Karlos Zabala , 1994
Gogait itzazu!
suminaraz itzazu ikastetxeko mojak!
esan zuen eta
kaleko liskar gorrietan
gorrotoa erori zitzaion sakeletik
gizon jostalari tristeari
Barnetegian
hedeak eta oinazea
omen ziren nagusi.
Umetan ez zela zoriontsua izan
etorri zitzaion gogora
izebaren ehorzketan
Ospitalean
nerabe-ametsak kamustu zitzaizkion,
gozotasunak gazitu,
gaztetasuna zimurtu.
Hilketez eta miseriaz
idatzi zuen egunkari batean
garratza eta samina eskuen artetik
isurtzen zitzaiola.
Eroetxean
liburu bat idatzi zuen eta
euskaldunak odolgabeak garela esan zuen,
dekadentziaren tresnak, hilzoriaren umeak garela,
dena garbi dugula, ez dugula deus ere konprenitzen;
ez garela deus ere eta
nahasmendua baizik ez dugula merezi.
© Karlos Zabala