A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

GUSTATUKO ZITZAIDAKEEN
      (1985)

HOR AURKITUKO NAUZUE
      (1985)

HAIZEAREN IMITAZIONEAK LAU URTAROETAN
      (1988)

EDAN-URRIA IZANIK
      (2000)

BI EZPATA
      (2008)

ANARKIA
      (2008)

GEHIENETAN URRUN
      (2008)

TXOLARREEN BIDEA
      (2008)

  literaturaren zubitegia  

 

ZORIONTASUNA

        Luigi Anselmi , 2008

 

 

Baliteke zoriontasuna

irla ņimiņo bat baizik ez izatea,

luze gabe bertan behera utzi beharreko

irla ttipia, hain zuzen ere

(osterantzean

erotuko gintuzke bakardadeak,

goseak hilko);

orban ikusezin bat kasik

kolorerik gabeko mapa zahar batean,

zeinu lainotsu bat

enbatetako itsasoaren

erdialde zehaztugabean...

 

Horregatik bakan batzuek soilki

iristen dituzte haren kostaldeko

hondartza irribarretsuak;

horregatik are gutxiagok lortuko dute inoiz

nahi beste denbora

bertan geratzea...

 

Berehala abiatu beharra daukagu;

lur abegikorra atzean utzi eta

iparrorratza, sestantea eta kartak

—ezdeus direla jakin arren—

oroitzapen usaineko

arropa bigunen artean

gordeko ditugu

itsasoratzeko tenorean,

behin eta berriz irakurritako

liburuen artean;

Milaka behakok higatutako

argazkien artean;

amets eroen

eta atzera itzultzeko

itxaropen hutsalaren artean...

 

Arrain gaitz baten gisan,

zerumugak

irla ņimiņo hori irentsiko du laster

eta oroitmina

bularrean haziz joango zaigu,

harik eta azkenik hartxo itsuak

sagar eztiaren bihotza legez,

barrena oso-osorik

jango digun arte.

 

© Luigi Anselmi    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko