Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
ORAIN BORROKARENEAN
(1972)
JACKSON
(1972)
ZUMARRAREN KANTORIA
(1972)
AKILESEKIN ZEUSEN ATZETIK
Mikel Azurmendi , 1969
burua esku artean Saint Germain-eko parkean
hutsa neurtuaz
handia zela konturatu nintzen
nekaturik nengon horrenbeste kilometro eginik
eta hutsaren bukaera
ez nekusan
nere aitzinean hegan motikoak, jolasetan
ez zitzaien hutsak axola
gutxiago nereak
bi ziren niri behaz, gizon trakets,
eta zergaitik ez nuan
jolasik egiten
nere antiparretan heien begirada
«bai al nakuszute jainko?»
«niregan duzute hutsa so?»
eskolara joan ziren; «jainko non» galdeginaz
bihotzarekin ziostaten
«nonahi»
lyzeora joanik ez zidaten deus ihardetsi
gizon harentzako
ez zutela denborarikan
haurraroan galdu zutela bihotza ta zientzia
aurka zegoela
unibersitatetik itzulitakoan
burua esku artean Saint Germain-eko aulkian
hutsaren gibeletik
jarrai nuan
Anboto-tik zeru-ortziak beha nituan
nere miopiak
ez zuan deus atxeman
Niagara-ko ur-saltoan pixa egin nuan
txikitasun txikitasunaz
jabetu zen ene jarioa
txepetxaren kabian bi arrautzatxo
zuri
zeuden ipiniak
itsaso hasarreren txistukadak nere gabardina pasata
pasa bihotzeraino
Paseo Berrian
Parte Zaharrean eta Saint Michel karrikan
ortosik
zakurrak
Metroko itsuari franko sos bat bota nionean
jainko nintzela
pentsa zuan
—nehori ez esan, nik bardin sinetsi nuan—
toda la vida es sueño y los sueños sueños son
hutsaren abenidan negon
jainkorik enetzat ba ote zen
txingurrieri galdegin nien
oso goiz bainan
oheratzen zirela
alegia gabaz horlako jaunarik ez, ez dela pasiatzen
hontza jakintsuak
erantzun zidan
orain ez dago lilirik zelaian
neguko asunak
ez dire mintza
itsuari beste sos bat ematea zela onena
itxia arkitu nuan
Metroa
elizako kanpaiek zapuztu zuten ametsa
kilometroz aurrera bainan
zihoan hutsa
sei t'erdietan hasiko naiz bihar lanean
eta bengantzaz
ez dut errezatuko anjelusa
—ez goizean ez arratsean—
© Mikel Azurmendi