A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

GAZTE HILTZERAT DOANA
      (1860)

APEXA ETA LOREA
      (1862)

AGUR HERRIARI
      (1862)

NERE ETXEA
      (1862)

OKERTUAK BERE OKERTZAILEARI
      (1866)

ESKALDUNA
      (1867)

XORI BERRIKETARIA
      (1871)

LEHEN ETA ORAI
      (1879)

BIBA FRANTZIA!
      (1891)

LAU ANDREN BESTA (AMETS BAT)
      (1897)

LEHEN ETA ORAI
      (XIX. mendea)

URRUNDIK IKUSTEN DUT
      (XIX. mendea)

  literaturaren zubitegia  

 

NERE ETXEA

        Jean Baptiste Elizanburu , 1862

 

 

Ikusten duzu goizian

Argia hasten denian,

Menditto baten gainian,

Etxe ttipitto aintzin xuri bat,

Lau haitz ondoren erdian,

Xakur xuri bat atoan,

Iturriņo bat aldian,

Han bizi naiz ni bakian.

 

Nahiz ez den gaztelua,

Maite dut nik sorlekua,

Aiten aitek hautatua,

Etxetik kanpo zait iduritzen

Nonbeit naizela galdua,

Nola han bainaiz sortua,

Han utziko dut mundua,

Galtzen ez badut zentzua.

 

Etxean ditut nereak,

Akilo, haitzur, goldeak,

Uztarri eta hedeak,

Iazko bihiez ditut oraino

Zoko guziak beteak,

Nola iragan urteak

Emaiten badu bertzeak

Ez gaitu hilen goseak.

 

Landako hirur behiak

Esnez hanpatu ditiak,

Ahatxe eta ergiak

Bi idi handi, kopeta zuri,

Bizkar beltz, adar handiak,

Zikiro, bildots guriak,

Ahuntzak eta ardiak

Nereak dire guziak.

 

Ez da munduan gizonik,

Erregerik ez printzerik,

Ni bezein urusa denik,

Badut andrea, badut semea,

Badut alaba ere nik,

Osasun ona batetik,

Ontasun aski bertzetik,

Zer behar dut gehiago nik?

 

Goizean hasiz lanean,

Arratsa heldu denean,

Nagusi naiz mahainean,

Giristino bat ona dut hartu,

Nik emaztea hartzean,

Ez du mehe egunean

Sartuko ustegabean

Xingar hezurrik eltzean.

 

Piarres ene semea,

Nahiz oraino gaztea,

Da mutiko bat ernea,

Goizean goizik bazken erdira,

Badarama artaldea,

Segituz ene bidea,

Nola baitu egitea,

Ez du galduko etxea.

 

Ene alaba Kattalin,

Bere hameka urtekin,

Ongi doa amarekin:

Begiak ditu, amak bezala,

Zeru zola bezin urdin,

Uste dut denborarekin,

Oraiko itxurarekin

Andre on bat dion egin.

 

Ez dugu behar lurrean,

Ongi bizirik etxean,

Utzi laguna gosean,

Ez du beharrak sekulan jotzen

Gure etxeko atean,

Non ez duen mahainean,

Otruntza ordu denean

Leku bat gure aldean.

 

Ene andrea Maria,

Ez da andre bat handia,

Bainan emazte garbia,

Irri batentzat badut etxean

Nik behar dudan guzia,

Gald' egiten dut grazia,

Dudan bezala hasia,

Akabatzeko bizia.

 

© Jean Baptiste Elizanburu    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko