GUREA 1
Mikel Taberna , 1995
Gurea txalanta zulatu bat da,
izotz eta harri mendien artean,
gerraontzi ikaragarriek zapalduko ote duten
denbora kupidagabearen
itsaso zakarrean.
Gurea, maiz, geronek zulatu txalanta da,
mailua eskuan, batean iltzea sartu
baina hurrengo kolpean huts egiten baitugu,
eta gu, mariņelak, boga-boga!
eskuekin ura kanpora ateratzen,
hondoratu eta historiaren baleak
irents ez gaitzan betirako.
Hala ere, tarteka,
ardo-sagardoz ase,
pirata maxkarak jantzirik,
mastaren muturreraino igan eta
zahagi bihurtzeak ematen duen indarrarekin
«gure lurra, gure lurra!!!» oihu egiten dugu.
Lehenik
haize-oihalak
josi
beharko
genituzkeela
ahantzita
© Mikel Taberna