HAURRA IZAN NINTZEN BAINA...
Mikel Zarate , 1978
Haurra izan nintzen,
haurra;
baina begietan,
belarrietan,
erraietan
ditut irakiten,
oroimenaren hotsetan,
egun gorri haiek.
Abioi zaharren abiada geldia,
bonben burrunbada,
tiroen dunbada,
balen txistua,
sirena hots izugarria,
jendearen arrapalada,
arnasots estua,
larriaren larria,
zaurien min lakarra,
heriotzazko negarra,
ezinaren ezina...,
gorroto lehertuaren
gerrate amorratuaren
adur zikina!
Haurra izan nintzen,
haurra,
baina begietan,
belarrietan,
erraietan
ditut irakiten,
oroimenaren hotsetan,
egun gorri haiek.
Aita kartzelan,
Segovian,
Cuellarko gaztelu zaharraren
itzal hotzaren
itxaropen hertsian;
bizi-alargun ama,
hara ta hona
laguntza eske behin eta berriz
fusilamenduen dardara larriz.
Ni
ezbeharraren
sareetan
nintzen erori,
ta maisuaren
hatzaparpetan
«En pie, flecha de España,
Falange victoriosa...»
nuen ikasi,
ta irabazleen
haundikeriazko harrokeria eroan,
galtzaileen
isiltasunezko beldur itoan,
ekinaren
okerraren
leloan
(«T£ no te llamas Mikel,
t£ te llamas Miguel».
«Oye, t£, aldeano,
habla en cristiano!».
«Calvo Sotelo,
On‚simo Redondo,
Jos‚ Antonio Primo de Rivera,
Franco, Franco, Franco...,
Arriba España!»)
ez nintzena izaten
irakatsi zidaten.
Haurra izan nintzen,
haurra,
baina begietan,
belarrietan,
erraietan
ditut irakiten,
oroimenaren hotsetan,
egun gorri haiek,
bihotzaren pozetan
ezereztu nahiez
ahazturaren hautsetan.
© Mikel Zarate