1975, AZAROAK 20
Mikel Zarate , 1978
Gasolina usainez eta grasaz beterik eman zidan,
ogi salutatua eskaintzen den bezelaxe,
periodiko bat ematen den bezelatsu,
bihotz zati bat erregalatzen den bezala,
hiriko kale arteko kutsaduraren itzalpetan;
txoferren esku dardaratiz eman zidan
zemento bloke zapalkorren hatzaparpetan
sorturiko basalorea,
bertso-paper zaharren poz berria:
«Pedro Urtia ere
ein da enteratu
Franco nola daukagun
oraintxe defuntu;
Jainkoak eiten badeu
gixontxu au santu,
imini ein daiela
zeruetan altu
eztiten a barriro
mundura bajatu».
Goizean eman zidan,
askatasun eguzkiaren goizean,
eta bertso-paper zahar baztertuen hauts negarrak
irribarre egin zuen disdiska.
© Mikel Zarate