Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
ITXARTU, EUSKO ALABEA!
(1931)
GOGO ITUNA
(1932)
ARTXANDA
(1952)
ETSAIAK?
(1985)
NIRE HERRIA
Sorne Unzueta , 1932
Bagagoz herrian.
Hortxe begi aurrean
baserria zaintzen daun mendi-zorrotza.
Lotu da bultzia.
Bidera jatsita,
nasaituten jat bai, benetan bihotza.
Arrotzez beterik egon da bultzia.
Hitz lotsabakoak, abesti zantarrak,
nahi ta nahi ez, entzun behar izan dodaz
Jainkoaren aurka biraoaz nahastauta.
Bere mosu leunaz gabeko haizeak
hotzituten deust bekoki beroa.
Bultzian, deadarrak, zarata ta kea.
Hemen, atsedena, gentzea ta loa.
«Tut» luzea eginda buztan balzdun harro
badoa barriro. Begi biribilak
zabalak daroaz. Bultzia joanda,
baserrira, ostera, etorri da ixila.
Zer dauko gau honetan, neure herriak?
Ikusten dot inoiz baino argiagoa.
Goi-aldean iletargia beteta
estaltzen dau, miesa miakaz, lainoak.
Lehengo euriak, busti dauz zidor-bideak
goiko argiak orain dagoz dizditsuak.
Laino artean, gora eginda abat igerrak,
neure eritxiz zugatz zaharrak hegaz doaz.
Deritzat garbiagoa,
deritzat zuriagoa
gau honetan, hilda lez dagon herria.
Bere gogoak, gorantza
igoteko dauko antza
damuturik garbai-negarrez bustia.
© Sorne Unzueta