Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
GAZTE HILTZERAT DOANA
(1860)
APEXA ETA LOREA
(1862)
AGUR HERRIARI
(1862)
NERE ETXEA
(1862)
NERE ETXEA
(1862)
OKERTUAK BERE OKERTZAILEARI
(1866)
ESKALDUNA
(1867)
XORI BERRIKETARIA
(1871)
BIBA FRANTZIA!
(1891)
LAU ANDREN BESTA (AMETS BAT)
(1897)
LEHEN ETA ORAI
(XIX. mendea)
URRUNDIK IKUSTEN DUT
(XIX. mendea)
LEHEN ETA ORAI
Jean Baptiste Elizanburu , 1879
Izan nauk iparrera hego aldetik,
Iguzkiko partera mendebaldetik,
Eta ez diat ikusi guzien gainetik
Inozentzia ainitz gizonen partetik.
Abila hargatik
Duk, egundainotik,
Egin gabe deusik,
Ederkiena bizi bertzen lanetik.
Munduan jarri huan injustizia
Nagusitu zelakotz alderkeria.
Zenbait abilek ez dik denbora handia
Beretua zutela mundu hau guzia...
Hik, laboraria,
Eragin hazia
Eta bil bihia?
Abilentzako huan ogi xuria!
Aditu diat ere bazka onenak
Ez zituela zaldi nekatzen zenak;
Oilo, oilasko eta oilanda gizenak
Jaten ez zituztela hazten zituenak;
Janari finenak
Arno gozoenak,
Gauza hoberenak,
Abilek zituztela iresten denak!
Sortzetik hiltzeraino, laboraria,
Uztarripean huan hire tokia,
Eta beti lanean higatuz bizia,
Hirerik ez ukeian non pausa eria:
Bertzena guzia!
Zer injustizia
Ikaragarria!
Azienden herronkan hintzen jarria.
Hogoi mendez bedere hola munduan
Gizona gizonaren esklabo huan.
Abilek ezarria urrezko tronuan
Bahuan bat errege guzien buruan.
Haren inguruan
Alferrak hituan
Bizi deskantsuan,
Eta gu lanarekin beti guduan.
Lagunak ez dute errex orai sinesten
Jenden inozentzia nolakoa zen:
Erregeren nahia baldin hala bazen,
Miliunka zitian gizonak altxatzen,
Armak harrarazten,
Lerroak ezartzen,
Gerlarat igortzen...
Eta han inozentek elgar xahutzen.
Zinez zorigaitzeko denbora hetan
Nolako miseria zen bazterretan!
Pobreak biluzikan nonahi bidetan
Hotzak eta goseak hilak erdietan.
Zenbat ama, hetan,
haurrak besoetan,
Gaxoak herrestan.
Alferrak libertitzen jauregietan!
Etorri huan bada noizbait orena
Gizona herrestatik altxatu zuena,
Eta porroskaturik gate zakarkena
Bere gizon-dretxoak hartu zituena...
Hau gure aitena
Duk obra lehena
Eta ederrena.
Gizona esklabotik egin zutena.
Xoil ez dik ehun urte, lagun maiteak,
Gizonaren herrunkan gure jartzeak.
Lehen batzu nagusi, esklabo bertzeak...
Irudi aita baten ez ziren umeak.
geroztik jendeak
handiak, xumeak,
Aberats, pobreak,
Lerro berean gaitik jarri legeak.
Ala dadin aberats ala pobrea,
Gizona gizonaren duk haurridea,
Eta gu gioratzeko bertzen apaltzea
Gure anaiari duk laido egitea.
Elgar aditzea
Elgar maitatzea
Eta laguntzea,
Hori duk egiazko Jainko legea!
© Jean Baptiste Elizanburu