Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
BERDIN DIO
(1989)
AMAREN HIZKUNTZA SAMURTASUNA DA
(1998)
INTERESATZEN ZAIZKIDANAK
(2003)
SENDIARTEKO ARAZOAK
Pako Aristi , 1996
Eguzkiaren bisaia arratsalde
erorian laborarien joanak biluzik
utzitako soroak ikusirik
lotsaz gorritzen hasten denean,
basetxeko biztanleak
etxearen eta gereziondoaren artean
epel dagoen soilgunea gozatzera
ateratzen dira.
Laster senarrak haur ugariz beteta
begitanduko du soilgunea, denak
kanpanbueltaka eta bizkar-gaineka jolasti.
Emazteak zertxobait bidaiatu nahi du oraindik:
aitona hiltzen denean
ikusiko du soilgunean zer jarri.
Aitonak beste arbola bat sartuko luke,
intxaurrondoa edo,
gelditu dadila zerbait
(itzala, intxaurrak, oroimena)
ondorengoentzat.
Anaia gazteak motoarentzat uralita
jartzeko leku ezinobeagoa dakus,
euri-jasek haragi bizian
uzten baitute karrozeria.
Enara, beti bezala,
denek alde egin zain daukazu,
irentsitako eltxoak
ilundu baino lehen
umeei emateko itxaropena
galdu gabe.
© Pako Aristi